Ongi eginaren pagua

“Ongi eginaren pagua, egurra eta palua” dio euskal esaera zaharrak. Zinikoa, ala errealista? Gaur, apirilak 14, 91 urte bete dira Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zela, lehenik Eibarren, historiak baino gehiago mito historikoak dioenez. Baina badago beste urtebetetze xumeago bat: 10 urte dira Emakunde Saria jaso genuela Kursaal Kuboan. Antolatzaileek ez omen zuten egoki jo Bidasoaldean egitea entrega-ekintza ofiziala. Irun eta Hondarribiko alkateak ez ziren bertaratu. Saria Bidasoan izan balitz, sikiera kortesia instituzionalarengatik, zerbait egin beharko zuketen.

Testuingurua gogoraraziko dizuet: Patxi Lopezen agintaldia azkenetan zegoen 2011ko udazkenean, eta orduan, presionatzeko ahalmenik ezean, Emakundek behingoz ontzat eman zuen, el lehendakari de los vascos y de las vascasen garaitik hainbat elkarte feministak ofizialki eskatutakoari (eskabidea interesatuek ez baina hirugarren agenteek egiten dutelako) men eginez. Tira, men eginez ez, ordura arte goragotik zetorkien presioari men egin beharrik gabe, agintaldi hura “amortizatuta” zegoelako. Izan ere, berdintasun teorikoaren alde eta praktikoaren kontra, bat baitzetozen agintari autodeterministak eta konstituzionalistak. Horren adibide, saria emateko ekintzara ez zela etorri lehendakaria, lehen aldiz sarion historian. Santanoren presioa argudiatu zuten. Baina presioak goitik behera egiten dira, ez behetik gora, eta Lopezek berdintasunaren aldeko jarrera izan balu, Santanok emango zukeen amore, ez alderantziz. 2011n bertan, berez saria esleitu aurretik, Eusko Jaurlaritza ahalegindu zen “gure” ibilbidea eta ordutegia aldatzen, “betikoen” aldarrikapena gauzatu nahian. Nago ez ote zen Maria Silvestreren jarrera, saria behingoz ematekoa, saio haren aurkako erreakzioa, hain zegoen sumindua Lopezen gobernuarekin, gauzak berdintasunerantz konpondu beharrean kontrako norabidean zihoalakoan.

Kontua da sari ematea Donostian izan zela eta Idoia Mendiak egin zuela lehendakariaren ordezkariarena, erabat gogogabeturik bazegoen ere. Beno, badakigu haren hizkera eta ahoskera ez direla munduko alaienak, eta beharbada nire aurreiritzia da. Baina, kontuan hartuta aitortu zigula berdintasunaren aldeko jarrera irmoa eta handik hilabete gutxira, bera barne sailburu zela, ahalegindu zela berriro ibilbideak eta ordutegiak aldatzen (haren azpikoa Miguel Buen Lacambra zen, Irungo alkate ohiaren anaia), zilegi bekit sinestea ez zela zintzo ari: sutan jartzean jakiten da nolakoa den eltzea, eta eltze hura izan zen, urrundik urrez, hurbildu eta lurrez. Ez zuten lortu epaile batek galarazi zielako, eta urte hartan Ertzaintzak berriro kolpatu zuen Jaizkibel, ibilbidean obeditu ez ziolakoan, umeak tartean zirela.

Ez da sozialistek “eman diguten” sari bakarra. Gazteek ere Ramon Rubial eman digute, Idoia Mendia bertan zela. Ez nuke duda egin nahi haien zintzotasunaz, orduan haien buruak Alarde Parekidean parte hartzen duelako. Baina deigarria zait sari-ematea ez zutela beren blogean ere aipatu. Egia da bloga ez zela batere dinamikoa. Hala ere, nik susmoa hartu nion helburua ez zela sozialisten alardeekiko jarrera-aldaketa ofizialtzea (ez baita izan), gerora “Yo has plantau” baten gisara argudiatu ahal izatea baizik. Geroak erranen.

Aldrebeskerien eskualdean, jakizue Berdintasun sari bat Irungo alkateak ere jaso duela. Bai, Jose Antonio Santano Claverok. Hori, beste baterako. Bitartean, herri-tradizioak ere pribatizazioaren garaiotan, osasuna eta res publica.

Utzi iruzkina