Kalegoi,
kultura ondare
Webgune hau Xabier Kerexeta Errorena da. Bertako adierazpenak eta iritziak nireak ez beste inorenak dira. Kalegoi izena darabilt Irungo toponimo zahar bat delako.
Izena, historikoa; irudia, etnografikoa: mantusa, belarra biltzeko baliabide ezin soilagoa, gure haurtzaroan eta gure giroan guztiz arrunta. Toponimo ia galdua, garai historiko baten lekuko; hitz ia desagertua, lehengo bizimoduaren adierazpide. Biak ala biak, iraganaren bidez oraina ulertarazteko eta etorkizunari ekiteko baliabide ditut.
2012az geroztik, blogean jorratu dudan gaia Pirinioetako mitoak izan dira, eta ahozko tradizioan oinarritutako ondare materiagabea, oro har. Orduan, besteek jasotako kontakizunak alderatzen eta interpretatzen nituen. Orain, autoetnografiari helduko diot: neure esperientzietan oinarrituta, gogoeta egingo dut. Eta ikergaia Bidasoaldera mugatuko da, salbuespenak salbuespen. Orduan, euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta noiz edo noiz frantsesez aritzen nintzen. Orain euskara hutsean egingo dut, nahiz eta lehenagoko dokumentu batzuk, baita neureak ere, jatorrizko hizkuntzan utzi.
Historia, etnografia… eta berdintasuna: Irunen ondare materiagabeaz aritzeak bertakoen autoafirmazio-erritorik behinena dakar hizpide: Alardea. 2022an gaurko festaren jatorriak 500 urte bete ditu. Euskal Herriaren lotsagarri izaten jarraitu nahi dugu? A ze ospakizun tristea! Pandemiari esker disimuluan geratu da zeinen gutxi aurreratu dugun. 2024an berrekitea erabaki dut, San Martzial egunean bertan lagun batek “maila jasoegi” nuela iradoki/salatuta. Saiatuko naiz argiago azaltzen. Zuek esango.
Helburua lehengo bera da: irundarron adiskidetzea (bide batez, eta ahal dela, baita hondarribiarrena ere). Hori bai, sasi-irtenbiderik gabe. Trantsizioa ezagutu genuenok garbi dugu gezurretik asko izan zuela, eta berrogei urteren buruan berriro kiskaltzen gaituzte orduan ustez itzalitako suek. Alardearena da adibide paradigmatikoa, 1977ko “eserialdiak” egun batetik bestera frankismotik demokraziara lekualdatu gintuelakoan, mitoa bertan behera geratu zen 20 urte geroago. Tira, berriro aterako dira halakoak sarreretan barna. Nirekin batera gogoeta egin nahi baduzue, ongi etorri. Ongi etorri, beraz, baita desadostasunak eta bestelako argudioak ere. Irainak, deskalifikazioak, Pernandoren egia faltsuak… dagoeneko ez gaude fase horretan, eta ez gaude denbora galtzeko, ez ni ez zuek.