Bakartuta

Urrundik hamalau, hurbildu eta lau: Berdintasunaren euskal lege berriak biktima bakartzea ere genero-indarkeriatzat hartzen duen albistea zabaldu eta, berriro ere, orokorkeria. Alegia, xedea ez da, inondik inora, Alardeetan berdinzaleok pairatutako isolamendu sozial eta instituzionala borrokatzea. Beno, horrela ere interpreta liteke, baina ezezkoan nago ni: asko daki zaharrak, erakutsi beharrak.

Udalek ezikusiarena egiten digute modu militantean. Azken finean, alkateak balkoira ez ateratzearena huskeria da. Egia esan, pasatakoak pasata, gaurgero mesede gehiago egingo genieke guk haiei, haiek guri baino, egitekotan kanpora begira egingo bailukete, punturen bat irabaztearren, ez gure presentzia aitortzeko, eta aurreko ezikusien barkamen eske, hain gutxi.

Baina, Sagarzazu jauna, egun berean Kontxako estropada irabazi duelako Herriko Etxean Hondarribiko Arraun Taldeari harrera egin eta Jaizkibel konpainia pasatzean balkoiko ateak ixtea, arraunlari berdinzaleek jaizkibeldarrak agur ez ditzaten, hori, Txomin, hori oso itsusi duk, oso-oso itsusi. Lege beharrik ez dugu behar jakiteko zeinen itsusi den, zeinen bortitza den aldekoak urruntzea eta kikiltzea.

Tira, are itsusiago, eta garestiago, eta delituaren ertzean, Irungo alkateak egin zuena, egin dituenetako bat. Jaietako programetan gure berririk batere, gure argazkirik batere, eta irundarrek ikus gintzaten ordaindutako publizitatea sartu behar izan genuen, Kutxabankek edo auto-kontzesionarioek bezala. Alkateak, aldiz, jakin orduko, inprimatutako milaka eta milaka ale bahitu eta gure publizitaterik gabeko programa berrinprimarazi zuen. Herritarrak ez ziren enteratu ere egin, egin zigutenaz. Hala, “Herria” haien alde egotea ez da hain zaila, ezta?

Ertzaintzak ere, enkapsulatzen gintuenean, eta bazter-auzoetara bidaltzen, ustez gure segurtasuna bermatzearren, herritarrengandik, gure babes sozialetik isolatzen gintuen. Euskal Herri hiperpolitizatu honetan, aldiz, ez omen zaio ezein erakunde edo alderdiri bururatu galdetzea zer dela eta behar duen talde batek eskolta poliziala herriko jaietan emakumeek berdintasunez parte hartze hutsarengatik; hobeki esanda, ez dirudi inork planteatzen duenik nola den posible, arreta erasotzaileengan jarri beharrean, biktimak segregatzea.

Eta alderantziz egingo bagenu, eta baztertzaileak baztertuko bagenitu, legea eskuan hartuta? Ez dakit hori soluzio ez traumatiko baterako irtenbide ona litzatekeen. Badakit, ordea, denek ez dutela ardura eta erantzukizun bera, eta udalek, eta udaletan bereziki alkateek, egin behar zutenaren kontrakoa egin dutela, grinaz egin ere.

Datorren urtean bukatuko den agintaldiaren hasieran, Irungo alkateak, “betiko” alderdiengandik konfiantza irabazi ezin, eta teorian berdintasuna defendatzen dutenen babesa jaso du aurrekontuak onesteko; areago, gobernatu ahal izateko. Urrezko aukera izan dute genero-indarkeria bere izaera politikoaren muin bihurtu duena osasun-hesian bakartzeko. Baina kontrakoa egin dute: berdintasuna ez omen da marra gorri bat gurean.

Tira, “besoa tolestuko” diotela diote. Erdal kalko negargarritik harago, berdintasuna conditio sine qua non ez duten alderdiekin ez naiz batere fidatzen. Parisek meza bat balio badu, agian alkatetzak balkoi bat ere merezi du. Zurrumurruak, behintzat, horixe aipatzen du, horixe izango dela ordaina, merke samarra. Dei nazazue protestante, baina ez eman niri oilo salda hil ondoren.

Erantzun bat “Bakartuta” bidalketan

  1. Arrazoi osoa, 2020. urtean horrelakorik ikusi, entzun eta egin behar genuenik ere… Non daude norberaren eta ondokoaren eskubideak? Jaietan parte hartzea, emakumeen oinarrizko eskubideak, kalean lasai ezin ibilia, sare sozialak egiten dituzten astakeriak, nazio bezela non daude gure eskubideak, ingurukoenak gureak zapaltzen badituzte?
    Guk euskal herritarrok, beraien estatu espainola edo frantzesa errespetatzen badugu, beraiek gurea zergatik ez? Dena dago hankaz gora eta ez dakit erremediorik daukan egoera honek, pena, amorrazioa, garraxika hasteko gogoa ematen dit.

    Erantzun

Utzi iruzkina