“Bai, etorriko da gero osaba, yo has plantau, yo has plantau! Landatzea ez baita aski!” eta arbolak fruitua emango badu landatu aurretik eta ondotik egin beharreko zeregin ugariak zerrendatzeari ekin zion. Bistan da osaba hura erdalduna zela eta gure amoñaren gaztelania ez zela zerbantinoa. Behin, Euskadi Irratira beste zerbaiti buruz hitz egitera joan nintzelarik, Kalifornian elebidunen hizkuntza-nahasketei buruzko tesia egiten ari zen euskaldun (eta beraz gutxienez elebidun) batekin topo egin nuen.
Arras interesgarria, gaia, baina ez gaur jorratu nahi nuena.
Gaurko gaia, beste behin, Alardea da: lepo egingo bainuke hemendik gutxira… gutxi hori noiz? Horra galdera, baina zantzu bat edo beste antzemana dut gaurgero… Hasi naiz esaten hemendik gutxira entzun/irakurri egingo diegula bati baino gehiagori, politikariei bereziki, “yo has plantau”, erdara dotoreagoan, baten batek euskaraz ere bai; baina azken finean mezu hori, era metaforikoan, Alardearen gatazkaren konponketan egin duena aintzatets diezaiegun. Era metaforikoan ere gogorarazi beharko diegu landatzea ez dela aski, ez sikiera lehen lana ere, ezta inportanteena ere, hala salduko badigute ere. Kaletarrei azaldu beharko diet landatu gabe hazia ereitea badagoela, eta aldatzea, edo beste batean txertatzea, eta hazia mintegian ereiteko ere lehenik hautatu eta gorde behar dela, eta hori guztia ez dela halabeharrez egiten; azaldu beharko diet landarerako lurra ez dela noiznahi eta nolanahi zulatzen, ongarritu behar dela eta ez edonola, gisua eman, zurkaitzaz lagundu, kimatu, ixadratu (ea blog hau irakurtzen duten baserritar ez irundarren artean ere baten batek esanahia dakien), eta abar.
Bakoitzak lot ditzala metaforikoki Alardeetan edo auskalo zertan berdintasun teorikoa egia bihurtzeko egin beharreko ahalegin ugariekin, betiere etorkizuna gogoan, zuhaitzen antzera: agian guk ez dugu ikusterik izango, agian ez da fruitutan umotzera inoiz iritsiko, eta hala eta guztiz ere guretzat ez bada belaunaldi berrientzat fruitu ematea amets dugulako dihardugu.
Gogoratzen duzue Vaya Semanitako sketch hura? “Aficionaus, que sois unos aficionaus!” zioen batek, denadelako langileak gutxiesteko. Eta besteak “Yo traje el XXX a Euskadi!”. Bada, berdintasunaren alde, berdintsu, beldur naiz.
Eta hau guzti hau, noizbait zerbait landatu duten horiek ez ezik, maratoi luze nekagarrian azken orduko esprintean apuntatutakoak ere izango ditugula jakinik. Eta okerrena da bidearen erdian indargabeturik geratutakook ere txalo egin beharko diegula, publikoak irabazletzat hartzen dituelarik etorri berriak. Gaur metaforiko samar nago, baina ulertzen didazue.
Tira, esan dut okerrena, baina hori gertatzea agian onena litzateke, helburua erdiesten ari garen seinale.
Eta zuk, zer landatu(ko) duzu feminismoa Euskadira ekartzeko?