Folklorearen pornografia

Bederatzi urte dira “Alardearen seme-alabak” estreinatu zela. Bertan parte hartu nuen (eskerrik asko, Jone, Joseba, Eneko!), bai eta Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian egindako aurkezpenean ere (eskerrik asko, Ana, Txuri, Alex), eta dagoeneko eskuragarri duzuenez gero, ez dut askorik esango. Baina bai inportanteena: zintzoki diotsuet sinesten dudala dokumentalak gehiago egin duela Alardeen gatazka ulertarazten -eta jarrerak aldarazten- Bidasoaldetik kanpo eta Bidasoaldean bertan ere, ordura arte idatzitako saio akademikoek baino, nireek barne. Egia da ikus-entzunezkoen helmena, XXI.ean, handiagoa dela testuena baino. Baina badu diskurtso zientifikoetatik haragoko beste dohain bat: gatazka ulertzeko ez ezik, biktimekin enpatizatzeko aukera ere ematen dio ikusleari. Eta hain zuzen lortzen du, egileek “no hemos querido hacer sangre” (sic), azaleko indarkeriari arreta eman beharrean sakoneko arazoari heldu nahi izan diotelako.

¡Qué fuerrte qué fuerrte fuerrte!, hori ere erdaraz, esan zidan San Telmoko lankide batek ikusi zuenean, eta gogorrena nahita saihestu zutela esan nionean, ezin zidan sinetsi. Eta hala da, eszena latzenak ez dira agertzen. Baina horrexegatik uste dut hobekien transmititzen duela indarkeria instituzionala, “betikoen” bazterkeria bera dela berez bortitza, eta bortizkeria horren adierazpenei arreta jartzea muinari itzurtzea litzatekeela, “bi aldekoen arteko muturreko jarreren” argudio faltsuari men egin gabe.

Lagun batek “peli porno” deitzen zuen; alegia, jende askok zineman beste hainbatekin batera patxadaz ikusi ez baina etxean, intimitatean, bakarka edo oso konpainia hautatuan ikusia zuelakoan. Eta ikusia zuela publikoki aitortzea lotsagarria zelakoan. Ordura arte “betiko” amorratua izandako ama batek, esaterako, alabari barkamena eskatu zion, hain hurbil zegoen eta halarik ere erabat ezezagun zitzaion errealitate bat deskubritu zuelako, izututa. Ordura arte etsita zegoen tradizio legitimoa zintzoki defendatzen zuela eta “herria” kanpoko erasoen biktima zela, eta alaba eta enparauak, kasurik onenean, txolin batzuk baizik ez zirela, herriari zein laido handia egiten zioten konturatzen ez zirenak.

Irunero hamabostekariak, aldiz, ez zuen inongo aipamenik egin. Orduko zuzendariaren esanetan, “bazekielako zer kontatzen zuen”. Dirudienez, ordura arte albiste bihurtutako “betikoen” argitalpen eta ekintzek sekulako ekarpen berritzaile eta inpartziala egiten zioten gaiari. (Ui, keba!, betikoen adierazpenetan “bestea” ez zela inoiz aipatzen, eta 1996 data debekatua zela). Dokumentala alderdikeriak jota zegoela zeritzon, baina kazetari-senak huts egin zion, ez baitzen batere ahalegindu ikertzen zer dela eta “betiko” bakar batek eman zuen bere iritzia, gonbidatutakoak asko eta garrantzitsuagoak izanagatik. Eta parte-hartzaile hura ondoren “bereek” nola tratatu zuten ere ez omen zuen interes informatiborik irundar euskaldunentzat.

Irunero aldizkariarenak beste sarrera bat merezi luke; baina, esan dezagun egia osoa, Irunen euskarazko aldizkari batek oihartzun handirik ere ez du izaten… Ziur? Gehienik euskaraz dagoen dokumental batek gure mugetatik oso urruti arrakasta lortu izana are txalogarriagoa da. Badakizue: think global, ekin lokal.

Azken finean, kanpotarrek arazoa ulertu ezin dutelako uste ustelari erantzuna zion aspaldi handian Virginia Wolfek: munduan barna hamaika modutan azaltzen den arren, sakon-sakoneko argudioetan ikaragarri monotonoa da emakumeen aurkako bazterkeria.

Utzi iruzkina