La réligion des anciens Basques

Berriro gertatu zait: behin baino gehiagotan etorri zaizkit aholku historiko bila fikzioa lantzen dutenak (zinema, komikia, antzerkia…), beren proiektuak albait errealisten izan daitezen… xehetasunetan, kontakizunaren testuinguru historikoari urdailean ostiko egin arren. Agotak, sorginak, mitoak eta halakoak izaten dira nigana jotzeko “galdegaiak”. Eta ni saiatzen naizenean azaltzen aurkeztu nahi duten panorama ez dagoela historikoki defendatzerik, erantzuten didate horixe dela istorioaren mamia eta hori ezin dela aldatu. Enfin, esan gabe doa fikzioan dena dela zilegi, baina ez dut ulertzen errealismozaletasuna xehetasunetara mugatzea. Edo bai, ulertzen dut: XXI.eko euskal imaginarioan sakon iltzatua dago euskaldunak pagano jator zintzoak ginela, Arkadia moduko bateko seme-alabak, eta dena pikutara joan zela, lehenik erromatarrekin, zeintzuei ia miragarriro gainditu baikintzaizkien haien inperioaren gainbeheran (hizkuntzaren biziraupena lekuko), ondoren franko eta bisigodoekin eta haien ondoriozko kristautasunarekin, batez ere Inkisizioak emakumeak sorgintzat akusatu eta orduan bai, orduan euskal jendarte pagano berdinzale ekopazifistak kolpe gogorra jaso zuen. Eta hala eta guztiz ere, hizkuntza bezala, ozta-ozta baina bizirik iritsi zaigu gaur egun arte euskal izpiritu paganoa.

Sarako Lezean Barandiarani dedikatutako eskultura:
Axularrek ez omen zuen itzalik, eta ataundarrak, aldiz, arrunt luzea.

Bada, begira, ez: ikuspegi idilikoak aparte utzita ere, gutxienez Erdi Aroaz geroztik euskaldunak kristau hutsak ziren. Beharbada askok ez zuten botere eklesiastikoak eta zibilak Trento ondoren bultzatzen zuten kristau ereduarekin bat egiten, eta hor daude XVIII.-XIX.enetako misioak, “behar bezalako kristauak” lortze aldera. Guk ezagutu dugun “euskaldun fededun” topikoa prozesu historiko haren emaitza da. Sinesten ez badidazue, irakur ezazue Pruden Gartzia historialari finaren blogeko sarrera hau: https://www.unibertsitatea.net/blogak/txoroen-untzia/2020/04/26/euskara-ona-zer-den/

Irakurria duzue? Bada, orain irakur ezazue aurreko sarrera, eta hobeki ulertuko duzue lehen esandakoa eta segidan datorrena: https://www.unibertsitatea.net/blogak/txoroen-untzia/2020/03/29/barandiaranismoa/

Barandiaranek “erru” handia du gaur egungo euskaldun urbano alfabetatuok geure arbaso baserritarrez dugun irudiaz; baina nik gehituko nuke askotan Barandiaranen irakurketak ez ditugula ongi digeritu, idealizatzeko nahiz satanizatzeko. Joseba Zulaikaren “Del Cromañon al Carnaval” gomendatzen dizuet, eta bide batez haren iruzkina, on line aurkituko duzue eta: https://dadun.unav.edu/bitstream/10171/28245/1/19.%20Zulaika%2c%20J.%20Del%20Croma%c3%b1%c3%b3n%20al%20Carnaval%2c%20Leon%c3%a9%2c%20S..pdf  Tamalez, euskaldun guztiek ez dute Gartziaren, Zulaikaren eta Leoneren zentzu kritikoa, eta barandiaranismoaren bideak aurrera egiten du On Joxemielek bildutako datuetatik gero eta aldenduago, egin ere.

Ataungo Larruntza errota, Barandiaran Museoaren egoitza izateko obratan zegoela.

Pista bat emango dizuet: imajina ezazue duela ehun urte pasatxo, etnografiari ekin berritan, apaiz katoliko gazte hark bere informatzaile nagusienetako Antonia Aierbe ataundar baserritar agrafo euskaldun hutsari esan balio, kontakizun mitikoak haren ahotik jasota: “ama, zu ez zara kristaua, paganoa baizik”. Nik imajinatzen dut amak, pagano hitza zer zen jakin gabe ere, emango ziola semeari belarrondoko bat, belarri bat bestearen ondoan jartzeko modukoa! Honek guztiak Alardearenarekin zer ikusi behar duen? Bada, Barandiaranek berak kazetari presatuei esaten zien bezala erantzungo dizuet: “zaude!”. Etorriko dira horiek ere.

Utzi iruzkina