Fedegabeen fede berria

Ateismoa ez ote den gure erlijio berria… Belaunaldi batean asko pasa dira euskaldun fededun izatetik ateo ez ezik antikristau eta oro har antierlijioso ere izatera. Baina horrek ez du esan nahi sinestun gogor ez direnik… Zuek zer deritzozue gure nortasun erlijioso kolektibo berriari?

Aurreko sarreran euskaldunak “betidanik” kristau izan omen garelakoa azaltzen nuen. XXI.ean, alta, eta lehen begi bistan paradoxikoki, esango nuke aurreko uste ustelaren bertsio berria hedatzen ari dela gurean, beste behin Pio Barojaren iragarle-dohaina berretsiz: euskaldunak ez gara kristau, eta ez gara inoiz kristau izan, antza, kanpotarren oso azaleko inposizioaz haraindi. UEUk antolatuta, Isabel Milleten euskal mitologiari buruzko ikastaro batera apuntatu nintzen duela urte batzuk. Haren helburua ez zen, nik hasieran uste bezala, euskal mitoetan sinesten zutenen XIX.-XX.etako jendartea aztertzea, antzinaroko euskal erlijioaren berrosatze arkeologiko moduko bat baizik. Halako planteamendu azientifikoan oinarrituta  (han-hemenka jasotako datu bakanak ezin dira erabili iragan oso urrutiko kosmobisio pagano bat irudikatzeko), ez ninduen harritu euskal mitoen ikuskera erabat idealizatuta agertzeak, hain gutxi osagai negatibo oro kristautasunaren eraginari leporatzeak.

UEUren egoitza Eibarren, “Markeskoa”: armarriko filakteriak Laus Deo dio.

Askoz interesgarriagoa egin zitzaidan apuntatutako euskal gazteen interesa (ni nintzen zaharrenetarikoa, alde handiz): zer bilatzen zuten ikastaro hartan? Ikasle baten galderak txunditu egin ninduen: nola jokatu behar genuen (sic) gure arbasoen sinesmenekin? Alegia, nola egin bat gure aurrekoekin, gaur egun haien pentsamoldea erabat sinestezina bazaigu, areago, pentsamendu erlijioso oro ulertezina bazaigu? Irakaslearen erantzuna zuhur samarra izan zen: antzinako euskaldunen sinesmenak errespetatzeak ez du esan nahi geuk ere sinesten ditugunik. Jakina, kristautasuna ez zen aintzat ere hartzen, euskaldunei bortxaz ezarritako idiosinkrasia arrotza izaki.

Francisco Gainzaren “Historia de la Universidad de Yrun Uranzu” liburuaren bukaera: Laus Deo.

Beste ikasle batek behin bota zidan bere amonak esaten ziola ez zuela inoiz kristautasunean sinetsi, gaztetan mezara eta beste elizkizunetara lagunekin egotera eta denbora-pasa joaten zela, baina ez zuela sinesten. Benetan interesgarria, ez bilobak hori egiatzat irenstea (azken finean, horixe sinetsi nahi zuen), baizik eta konstatatzea nola aldatu duen pertzepzioa amonak denboraren poderioz, eta nola ukatzen duen ebidentzia: fededun izatetik fedegabe izateko prozesua “naturaltasunez” (hau da, garaian garaiko pentsamendu-korronte nagusiekin bat etorriz) eta bere buruaren azterketa kritikorik egin gabe egin duela aitortu beharrean, bere haurtzaroaren eta gaztaroaren pertzepzioa erabat aldatu du. Bestela, benetan inoiz sinetsi ez balu, kristautasuna hegemoniko zen jendarte batean halako itxura egitera behartutakoaren esperientzia kontatuko zukeen. Halakoak bazeudelako, egon, duela 80 bat urteko euskaldunengan.

Behintzat ez zuen esan Mari eta enparauengan sinesten zuela. Eta irakurritakoak irakurrita eta entzundakoak entzunda, ez da gutxi.

Hori, beste sarrera batean.

Utzi iruzkina