Irungo ezjaiak

Noiz ziren Irungo jaiak San Pedro eta San Martzial egunetara pasa arte, duela 500 urte? Tira, ez omen dago horren garbi borrokaren hurrengo urtean hasi zirela festa egiten; baina hori beste baterako da. Dirudienez, lehenago sanjuanak ziren Irungo festak, hainbat herritan bezala. Oraindik orain ekainaren 23ko su-meta piztu orduko hasten dira jaiak ofizialki, San Juan (H)arria plazan, denon ordezkari den herriko etxearen parean, eta plazari izena ematen dion zutarriaren ondoan.

Ene bihotzeko Zumalakarregi Museoari hartutako irudia, Irunen klasiko bihurtua.

Zer dela eta harri hori, eta zergatik San Juan? 1564an eraiki zutenean, Hondarribia berehala konturatu zen hiribilduari eginiko probokazioa zela halakorik altxatzea jurisdikzio zibil eta kriminalik gabeko herrixkak (mi aldea, zioten Hondarribiko agirietan, ordurako tamainaz berdintsu izanagatik ere), bertako eta pasabideko  guztien begien bistan. Irundarrek zer erantzun? Ezetz, ez zela pikuta, sanjuanetan zutitzen zen zuhaitzaren ordezko harrizko iraunkorra baizik.

Etnografikoki eta folklorikoki sekulako pertzepzio-aldaketa izango zatekeen, kontuan hartuta hain zuzen ere zuhaitza urtero paratzeak naturaren biziberritzea sinbolizatzen duela, basotik herriko plazaraino eramanda: nork bere etxean egun berean lizarra, elorria, iratzea, erramua, lore-sortak paratzen zituen erritoaren bertsio komunitarioa, hainbat herritan bizirik dirauena. Sekulakoa… gezurra ez balitz. Izan ere, Irunen oraindik orain (aurten ez) paratzen baita zuhaitz tantaia ustezko senide harrizkoaren plaza berean.

Bistan da Irunen aspaldi handikoa dela jaiei eta tradizioei leporatzea publikoki aitorrezina dena. Egiatia izatea ez omen dago gure bertute kolektiboen artean. Baina ez esan originalak ez garela; horretan behintzat aurre hartzen diegu auzo-herri sanjuanzaleei: gure iruzurrek luze jotzen dute, hain luze ezen geure historiaren eta nortasunaren ezaugarri bilakatu baitira.

Utzi iruzkina