Ondarea erre?

Eta zuek, kultur ondarea erreko zenukete? Probokazioa dirudi nire blogean. Argi dezadan:  eta erretzea bera balitz ondarea? Alegia, gaur, garagartzeroak 23, gure amoña zenak “San Juan Xahar” deitzen zuen arrats honetan, zer da ondarea, su egitea ez bada? Mikroondarea ere izenda nezake sarrera hau. Gure etxean, Irungo Bidaerrekan, nik betidanik ezagutzen dudanaz geroztik sinkretismo kulturalaz ospatu izan da San Juan. Gaua delako jaieguna; bihar “San Juan Berri” da. Sinkretismoa, diot, Nafarroatik (Baztan edota Zubietatik) ekarritako osagaiek eta Irungoek osatzen baitute jaia. Jaia esan dut; baina ez, erritoa da, lagun giroan eta jan-edanean izanagatik ere. Gure etxean sua ez, suak egiten dira: bata da handia, adarrez eta beste erregai zaharrez eginikoa. Hara botatzen dira ikasturte bukaeran apunte eta eskolako paper zaharrak, besteak beste. Handia, ederra, eta apaltzen hasitakoan baten bat gainetik salto egitera ausartzen dena.

Kantatzekotan, Irunen ikasitako kanta kantatzen da; adibidez, aspaldi handian, Manolo Errotakoak “san juan iratzea” (ez konfunditu sorgin iratzearekin) ekartzen zuenean kantatzen genuen, arratsaldean sua piztu baino lehen ere:
San Juan San Juan heldu da
Sorginaren begia galdu da
Galdu bada, galdu bedi
Berriz ez dadila etorri.

Tira, bertsio gehiago entzun dut, baina denak oso antzekoak.

Ondoren dator bestea. Gautu orduko, su txikia pizten da, aurreko urteko erramu bedeinkatuena (enfin, bedeinkatu…, ez nahitaez elizan). Ereinotz (gure etxean, eta beste askotan, zuzenean erramu deituta) eta erromero, usainaren goxoa! Idor-idorra, sugar handitan berehala erre, eta kearen gainean hauxe kantatzen dugu, salto bakoitzeko bertso-lerro banaz:
San Juan Bautista
Ona barrenera
Gaixtoa kanpora
Sarna fuera!

Eta hola hiru aldiz. Badira sinestun gogorrak, tira, baziren, amoña eta ixeba; bagara folklorez, hitzaren zentzurik ederrenean, aritzen garenak; badira besterik gabe grazia egiten diotenak, gazteenak gehienbat; eta badira erritoari begiratu baizik egiten ez diotenak, zuzenean parte hartzeko batere asmorik gabe, begiratzea ere parte hartzea den arren. Badira etxe-etxekoak, ezkontzaz-edo etxekotuak, etxekoen aspaldi handiko lagunak, noiz edo noiz etortzen direnak…

Alegia, euria eginagatik, urtean mila komeria gertatuagatik, erritoak laguntzen gaitu Bidaerrekaren inguruan izan zirenak gogoan hartzen eta nolabait gugan bizitzen; laguntzen gaitu bizirik gaudenok mikrokomunitate bat osatzen, joandako belaunaldietakoak eta datozen belaunaldietakoak lotzen. Hori da ondarea, erre behar bada ere.

Hori da Alardea, edo izan behar luke.

Utzi iruzkina