Betidaniko aldaketak

Gaurko gogoeta oraindik ez dakit non sartu, historiaren atalean ala etnografiarenean; zuek erabaki. Aurreko sarreren harira dator: nola berrinterpretatzen duen iragana norbanako edo kolektibo bakoitzak bere aldez aurretiko pentsamoldearen arabera, ebidentziak ere ukatzeraino. Izan ere, nekez onartzen du askok gure aurrekoek ez zutela neurtzen mundua oraingo  –edo garaian garaiko– parametroekin.

Duela gutxi Pio Barojak “salatutakoa” gogorarazten nizuen, bi belaunalditan gauza bat sinestetik kontrakoa sinestera pasatzeko gai garela euskaldunok… eta segur aski erdaldunak ere bai, baina euskaldunokin nahikoa lan. Gaurko adibide etnohistorikoak berretsi egiten du Barojaren argudio literarioa. Adibide erlijiosoa denez gero, ez dizuet bekataria salatuko, bekatua baizik. Gezurrak hanka laburra duela esan ohi da, baina nago ni ez ote den alderantziz. Aspaldi idatzia da (aurkituko duzue, nahi izanez gero, hainbat adibidetan) euskaldunen kristautze berantiarraren arrazoien artean, honako hau: euskaldunek ez omen zuten erlijio “berriaren” beharra sentitzen, Kristo aurretik ere monoteista ziren eta (XII.ean dokumentatutako Urcia delakoaren adorazioa, eta abar); hots, praktikan kristau “avant la lettre” modukoak ziren, izena ez baina Jainko bakarraren izana barneratuta. Halako azalpen antihistorikoek interes handia dute testuinguru soziopolitikoa ulertzeko, XIX.ean gorpuzten hasitako elite urbano kontserbadore baten idealizazioaren emaitza izaki.

Arantzazuko Amaren agerpenaren jatorrian kontakizun pagano bat dago:
zazpi urteko lehortea, Dama Anbotora itzuli gabe Aloñan zegoelako.
BIde batez, irudi hau San Telmo Museoarena da: bisita itzazue gure museoak, asko ikasten da eta.

Interesgarria, era berean, nola bizirauten duen halako interpretazio “akademikoak”, datu etnohistorikoek gutxienez XX. mende osoan behin eta berriro ezeztatu arren. San Telmo Museoan lanean nengoela, lapurtar talde bati bisita gidatu berezia egin nien. Halako batean, “Tradizioak bizirik dirau” atalean, euskaldunak Kristo aurretik ere monoteista zirela apez bati entzunda, andre batek galdetu zidan ea zer neritzon. Ufa! Nik kontrako adibidea jarri nion: Barandiaranek, XX. mendean jasoa zuela euskaldunen ahoetatik “zazpi ahizpatxo dira euskal birjinak”. Ez zazpi adbokazio, hori Eliza ofizialak dio. Ez, sinesmen herrikoiaren arabera, zazpi desberdin, denak senide eta elkarri bisita egiten omen ziotenak, bakoitzak bere bizitokia zuelako: batak Arantzazun, besteak Liernian, beste batek Zikuñagan… Baten batek lipar batez pentsatu badu zazpi euskal lurraldeen ordezkariak zirela, jakin dezala ezetz, XX. mendea dezente aurreratu arte ez da txertatu pentsamolde tradizionalean euskaltasunaren kontzeptu globala.

Antiguako Ama Zumarragan: harriak jentilek botatakoak omen dira:
pagano versus kristau dikotomia faltsuaren beste adibide bat.

Ba al dago zazpi amabirjinena baino antikristauagorik? Barandiaranek Lapurdin urte asko pasa bazuen ere, ematen du haren figura goratu bai, baina haren lanak ez direla nahikoa irakurri, edo gai garela gauza batzuk ia fede erlijiosoz barneratzeko, eta aldez aurretik erabakia dugunarekin bat ez datorkigunari ezikusia egiteko, oharkabean bada ere.

Duela hamar urte aurkitu nuena aspaldiko uste baten azken arrastoa dela esanen nuke. Aspaldi honetan, aldiz, bestelako pertzepzioa aurkitzen dut gero eta sarriago: euskaldunak “beti” izan garela paganoak, eta kanpotik inposatutako kristau erlijioa oso azalekoa izan dela euskal kulturan. Hori ere, ebidentzia historiko eta etnografiko guztien kontra. Hurrengo sarreran.

Utzi iruzkina