Amabirjinen gerra

Ziur nago behin baino gehiagotan entzun duzuela historia garaileek idazten dutela. Esan ere esana dut arestian historiaren ikuspegi pobrea dela hori. Pobrea, eskema sinplista eta maiz manikeo (eta sarritan biktimista) samar batera murrizten duelako errealitate oparoa. Alardeena da kasu horietako bat, hain zuzen jai folklorikoen eboluzio joriari erreparatu beharrean gehienetan jatorrizko borroka militarra aintzat hartzen delako, ospatzeko nahiz deitoratzeko. Jai baten jatorria eta motiboa ez bereiztearen ajeak. Hala eta guztiz ere, gaur Irungo borrokan oinarrituko naiz, ez 1522koan, 1638koan baizik. Ez al da hori Hondarribiko alardearen jatorria, eta ez Irungoarena? Bai eta ez; hau da, 1638ko setio heroikoaren askapena Hondarribian ospatzen da, garaipena lortu orduko ospatu ere: irailaren 7an etsaiak erretiratu eta 8an, Amabirjina Egunean, esker ona adierazi zioten Guadalupeko Amari, halaxe egina baitzioten zina hasieran setiotik onik ateraz gero.

Hondarribiko armarria, Santa Maria atearen gainean, Ama Guadalupekoa buru duela.

Orduan, Irunen? Ba, Irunek ere gogor pairatu zuen borroka hartan. Hortaz, etsaiak behin alde eginda bazuten zer ospatu, eta Oiartzunen, Errenterian, Lezon… Hernaniraino, eta Nafarroako Bortzirietan… Egia osoa esatera, bi urte lehenago Lapurdi laurdenak larrutik ordaindu zuen Frantziako erregerekiko fideltasuna, nahiz eta Bidasoaz hegoaldeko bibliografian gutxitan aurkituko dituzuen gipuzkoar gizon-emakumeen basakerien berri. Tira, hori ez da gaurko gaia. Gaurko gaia da hondarribiarrek Ama Guadalupekoari esleitu ziotela garaipenaren merezimendua; baina Irungoak, eta haiekin tropa guztien buru Gaztelako Almirantea, garaipena Irungo Amabirjinari zor ziotelakoan omen zeuden, haren eguna ere irailaren 8a baita. Hartara, Almiranteak, esker onez, elizarako argimutil ederrak erregalatu ez ezik, Madrileko komentu batean Amabirjinaren irudi bat pausatu zuen, SANTA MARIA DE YRUN idazki eta guzti. Hala dio Francisco de Gainzak bere “Historia de la Universidad de Yrun Uranzu”, adineko lekuko zuzen batek hala kontatuta, eta Madrilekoa egileak berak bertatik bertara egiaztatuta 1693an.

Irungo Amaren irudi honen kopia izango zen Madrileko jeronimen komentuan zegoena?

Imajinatzen duzue irundarrek erabaki balute bere patroiaren egunean (ez baita San Martzial, Amabirjina baizik) esker oneko prozesio bat antolatzea urtero, ohorezko armadun eskolta eta guzti? Ez ahaztu, fedetik eta jai girotik harago, halako adierazpen publikoek propagandatik asko zutela, eta herri “irabazle” biak lehian aritu zirela Gortean, meritu eta sufrimenduak argudio bilakatuta gerraren kalte-ordainak jaso nahi zituzten eta. Hala izan balitz, orain segur aski bi herrietako jaiegun nagusia egun berean zatekeen, eta ika-mika latzak ziratekeen batzuen eta besteen artean, noren Amabirjinari zegokion garaipenaren loria.

Nola? Zer diostazue? Katolikoentzat Amabirjina bakarra dela hainbat adbokaziotan, eta bi Amabirjina iradokitzea heretikoa dela? Bistan da ez duzuela ezagutzen euskaldunen etnohistoria, garaile/galtzaile eskemetatik urruntzen dena, eta ene uste apalean behinik behin askoz gauza gehiago eta interesgarriak kontatzen dizkiguna. Hori, hurrengo sarreran.

Utzi iruzkina