Zergatik erdaraz?

Zorionak, irundarrok, bihar baita gure patroiaren eguna, Junkaleko Amarena. Nork esango, bere tradizioak adoratzen dituen herrian, historikoki egun nagusienetako bat aspaldi honetan oharkabean pasatzen dela, eta batik bat gure auzo-herrian ere ospatzen dutelako!

Zergatik du erdal izena euskaldun herri bateko Amabirjinak? Zer dela eta Juncal? Bai, badakit elezaharrarena, eta beste batean jorratuko dut. Baina hori ez da historia. Lehen aipamena 1564koa da. Izendapen berriaren arrazoia? “Irun en el siglo XVI: Una interpretación histórica a partir de su catálogo monumental” liburuan, Ana Galdos Monfortek ederki azaltzen du prozesua: parrokia bihurtu izana, Amabirjinaren gorazarrea Trentoko Kontzilioaz geroztiko katolizismo kontrarreformistan, elezaharraren existentzia (berez Amabirjina “aurkituaren” beste aldaera bat)… Ez dut nik deus esango berak baino hobeki; beraz, biziki gomendatzen dizuet. Hala eta guztiz ere, zerbaitek kirrinka egiten zidan: zergatik erdal izen hori? Egia esan, ez da erabat harrigarria, berez ez delako toponimo bat, erreferente bat baizik: Hondarribiko parrokiaren “del manzano” adbokazioa, Gipuzkoan oso zabaldua, kasu bera da, gaur egun “sagarrondokoa” euskaldundu bada ere. Baina Hondarribian, eta Gipuzkoako beste hainbatetan, erdarazko izenak ez du arrakasta handirik izan dokumentazio ofizialetik at.

Estuarioko mapa honetan garbi ikusten da urari lurrak “kentzeko” prozesua.

Erantzuna aurkitu dudala uste dut, Josu Narbarte historialari irundarraren azterlanei esker. Dibulgazio zabalagoko argitalpen bat noiz plazaratuko zain, eta ongi ulertu badiot, XVI.ean hasi zen, gaztelaniazko dokumentazioan “juncal” izenez bataiatuta, Bidasoko estuarioko paduren eta lintzuren desekazio eta desalinizazioa, hain zuzen lehen fasean ihia erabiltzen zelako, hezetasun handiari eusten dion landarea izaki. Hendaiako partean euskal toponimo Intzura frantsesez “les joncaux” izendatzeak ere adieraziko luke administrazioek sustatutako fenomenoa izan zela, ekimen pribatuekin batera. XVI,ean abiarazitako fenomeno haren ondorio ekologiko, sozioekonomiko, paisajistiko eta politikoek begien bistan daude orain Bidasoa-Txingudi esaten dugun eskualdean.

Lezoiak, lursailak uren menetik bereizteko horma lehorrezko paretatxo apalak, ondaretzat hartzen ez diren arren, gure historiaren protagonistak.

Berriro gogoratzen dizuet aurreko sarreran esandakoa, eta ez badidazue niri sinesten irakur ezazue Galdosek idatzitakoa, elizak zer nolako garrantzia izan zuen irundarren nortasun kolektiboan, administrazio zibilak baino askoz lehenago eta sakonago. Bide batez, gogorarazten dizuet San Martzial egunekoa, dirudienez, ez zela ospatzen hasi 1523an, 1588an baizik, hots, Irun ikaragarri aldatu zen mendearen bukaeran. Benetan: irakur ezazue Galdosena, eta Narbarterena ere bai, oraingoz topatzen zailxeago bada ere.

Izenaren eta dataren aitzakian, gaur bi gauza azpimarratu nahi dizkizuet:

  • Bata: Irunen historialari oso onak ditugu, nork bere arlotik eta bere eran ekarpen interesgarri askoak eginez denoi geure iragana hobeki ulertzen laguntzen digutenak. Zenbat eta ikerketa gehiago, orduan eta ikuspegi osoagoa izango dugu. Ñabardurek oparoago egiten dute iraganaren pertzepzioa.
  • “Historia irabazleek egiten dute” esamoldea, gezurra izan gabe ere, oso pobrea da, ez duelako iraganeko errealitatearen alderdi beliko-politiko-instituzionala baizik aintzat hartzen. Historiak irakasten digun ederrena ukatzen digu.

Utzi iruzkina