Aurreko sarreran gogorarazten nizuen mendeetan Gipuzkoan “kanpotarrak” (ez erdaldunak, maiz hala adieraziagatik ere) ez zirela subjektu politikoak, harik eta iraultza liberalak hori Espainiako gizonezkoei zabaldu zien arte, XIX.ean. Horrek ez du esan nahi egun batetik besterakoa izan zela onarpen soziala. Irunen eta Hondarribian, “bestea” mantxurriano hitzez seinalatuta hazi garen “bertakoontzat”, 1996ko Alardeak berriro aurpegiratu zigun, bortxa gogorrez, atzendutzat edo behintzat iraganekotzat uste/nahi genuen kontzeptua.
Izan ere, deskalifikazio matxistak baino are gehiago, kanpotar izateari egotzitakoak entzun/irakurri ditugu (anonimoek keria guztien antologia egiteko balio dute, ikertu nahi dituenarentzat). Egia esan, argudio edo denadelako horrek badu abantailarik:
- Batetik, elkar ezagutzen dutenek osatutako komunitate zentzua indartzen du, den mendreneko disidentzia desagertzeraino: nor ausartuko da besterik esatera, zigorra bada komunitatetik at geratzea, ostrazismora kondenatuta?
- Bestetik, “kanpoko” (kanpo hori Hendaia, Bera, Oiartzun badira ere) inork esan lezakeena berez indargabe geratzen da… Jakina, berdintasunaren aldeko edo sikiera erabilitako indarkeriaren kontrako iritzia izanez gero, “tradizioa” defendatzea beti delako zilegi, kanpotarra izanagatik ere.
Askotariko adibideen artean, gaur honako hau: berdintasunaren aldeko gizonezko bati horixe leporatu zioten, Irunen jaioa edo behintzat txikitatik bizia izanda ere (ez nion galdetu, niri berdin zait), zergatik zegoen oker edo bazterkeria zergatik defenda litekeen argudiatu beharrean, “tú cállate que eres de fuera”. Horraino, normal; baina erantzuna izan zenean “pues mi hermano es betiko”, horra: “ah, entonces es que está integrau”.
Adibide txirene gehiago etorriko da. Gaur gogoeta egin dezazuen nahi nuke, honako ikuspuntu bi hauen gainean:
- Bata: xenofobiak erabat iltzatuta jarraitzen du, baina gauzak aldatu dira eta orain perbertsioz agertzen da. Jatorri geografikoari, etnikoari edo arrazari ez omen zaio erreparatzen kanpo/barne irizpidean… non eta “autoktonoen” ideologia nagusiarekin bat egiten bada. Erne, gero, zeren eta adostasun ezak ez baitakar aurkaritza ideologikoa, ustez barkatutako jatorria eta harekiko arbuioaren azaleraztea baizik, ezkutuan zegoen seinale.
- Bestea: berdintasuna alde batera utzita ere (kontra dagoela ez dizue inork aitortuko, ezta duela 25 urte ere, baina badakizue…), politikariek ez al zuketen ikaratu behar kanpotar kontzeptua irizpide baztertzailearen goraldi bortitzaren aurrean? Bada, izatekotan, alderantziz izan da, perbertsio bikoitzean: alderdi batzuek (gehienek) xenofobia domestikoaren opilari su egin diete Irunen eta Hondarribian, bai eta, ezikusia eginez, “kanpoan” ere (Gipuzkoan, Euskal Herrian, Espainian, Europan).
Ate birakarien eta politikarien arteko harreman biziotsua modan dagoen honetan, interesgarria litzateke aztertzea Alardeetan nola geratu ziren batzuk, berdintasuna defendatzearren, udal-politikatik kanpo eta lehengo lanbideetara bueltatu, eta, atearen jira-biran, nola sartu ziren/diren politikan “Betiko Alardearen” figura esanguratsuak. Hori, beste baterako.