- A ese ya lo habrán calentado bien, ¿no?
- Baina, izeba! Nola esaten duzu hori??!!
- Ez dut deus esan, ez dut deus esan.
Ongi berotu beharreko “ese” hori ni nintzen, duela 20 urte luze, eta beroketa on baten beharraren arrazoia, nola ez, nire jarrera Alardean. Bekatua bai baina bekataria ez dizuet salatuko. Bai esango dizuet andre honek jaiotzetik ezagutzen nauela, auzokoa delako eta, Alardearena piztu arte, nire familia estimuan izan duela; bai, behintzat, niri halakorik ez desiratzeko adina. Harreman zuzenik ez dugu inoiz izan, baina bai hark nire gurasoekin eta nik haren seme-alabekin. Hortaz, gorroto pertsonalik gabe, nola pentsa daiteke desadostasun soziopolitikoak egurra emanda konpon daitezkeenik? “Bestea” erabat ezezaguna denean, agian uler nezake; baina betidaniko harreman ona izandako familiaren ezagun bati ere bai?
Alardeetan emakumeen kontrako indarkeria justifikatzeko, sarritan argudiatu izan da emakumeak direla kontra egondako lehenak eta gehienak. “Argudiatu”? Astakeriaren izugarria nabaritu orduko, atzera egiten dute, justifika ezina justifikatu ezinik. Baina pentsatu, eta esan, bai pentsatu eta esan izan dute, betiere giroa alde dutela uste dutelarik. Horregatik, gauza batzuk publikoki “argudiatu” ezin direlako, isiltasuna izan da, batez ere “kanpoan”, bazterkeriaren aldekoen argudio nagusia; areago, norbaitek gustuko ez dutena erantzun eta “zu iso, kanpokoa zara eta!”. Edo traidorea, edo herriaren etsaia.
Emakumeen kontrako indarkeria kolektiboa izan beharrean beste jatorri etniko edo bestelako hautu politikoaren kontrakoa izan balitz, ez genuke jarrera faxistatzat hartzeko dudarik izango. Eta faxismoa eta faxistak borrokatu behar direla entzungo genuke, haiekin hitz egin beharrean. Baina faxista esan orduko gizonezko bortitz harroputz astazakila imajinatzen dugu, ez auzoko emakume adintsu euskaldun gainerakoan bizilagun adeitsua.
Zer egin halakoetan, hortzak erakutsi? Gogor erantzun, publikoki itsuski nabarmen utzi? Nik, orain arte, ez entzuna egin diot. Besteak beste, informazio-iturria ez adierazteko, bizigiro kolektiborako hobea delako, pertsonalki hark agian asko galdu bai (edo ez, inguruaren arabera) eta batez ere nik deus irabaziko ez nukeelako, eta batez ere hark halakoak esatearen “erruduna” bera ez baina ardura politiko eta soziala duten gizonezkoak direla jakin ederki dakidalako.
Ez nau jipoi baten arriskuak beldurtzen; bai, ordea, pentsamolde faxistaren hedapenak:
- “bestearekiko” indarkeria naturaltasunez eta eufemismoz onartzea (berotu, jipoituren ordez),
- “Herria” pertsonen gainetik lehenestea (Alarde del Pueblo),
- irrazionalitatea (“herri baten sentimendua”) argudioen gainetik hobestea (“es que si aplicas la lógica, siempre vas a tener razón” bestela barregarri zatekeen erantzuna, adibidez)
Zuek, zer deritzozue? Alardearena “ez da hori, beste zerbait da” argudiatuko duzue beste behin? Dagoeneko jipoirik ez dagoelako arazoari itzurtzen jarraitu? Behingoz gaiari heldu?