Errelatoa: gurea, zuena, denona?

Arestian argitaratu dute “Nuestro relato” Irungo Betiko Alardearen Aldeko Beñardo Urtizberea zenak eta Javier iriartek. Hurrenez hurren, 1998an jeneralarena eta komandantearena egin zuten, gaurgero imajinatzen duzuen Alardean.

Aitortuko dizuet izenburuak harritu nauela: lehen aldiz 25 urte honetan aitortu dute haiena ez dela “errelatoa”, egia osoa eta absolutua, errelatoaren alde bat baizik. Eta izenburuan bertan adierazi dute, azalpen gisa “Acontecimientos que tuvieron lugar entre los años 1996 y 2001 vistos por dos de sus muchos protagonistas”. Beharbada Bidasoaldetik at ahuntzaren gauerdiko eztula iruditzen zaizue, eta ez zaiola tenor bati txalo egiten marranta kentzeagatik. Baina jakizue pausu ikaragarria begitantzen zaidala, egileak nondik datozen kontuan hartuta.

Egia da lehendabiziko paragrafoan erakusten dutela lehengo lepotik burua jarraitzen dutela, haiek sortutako Alardea, Udalarena izateari utzita, “todo el Pueblo de Irun” delakoaren esku geratu zelakoan. Hau da, Alarde horren antolatzaile, partaide edo sikiera jarraitzaile ez garenok ez gara Herria, hitz larritan idatzia. Irunen jaioak, haziak, heziak, biziak izan gaitezke, baina ezin gara Herria izan, gure hautu ideologikoa ez delako haiena.

Eta bigarren paragrafoan, iritzi edo ikusmolde bat ez baina zuzenean gezurra diote, Bidasoaldeko Emakumeak taldeak epai guztiak galdu dituela baieztatzean. Hain zuzen, San Martzial Alardea Udalak antolatzetik “Herriak” antolatua izatera pasa zen Udalari berariaz debekatu ziolako epai batek Alarde ez parekidea antolatzea. Areago, gogoan dut, beste epai batek Alarde baztertzaile pribatua baimendu zuenean, nola adierazi zuen Javier Iriartek berak komunikabideetan ez zutela galtzen Udal Alarde bat (baztertzailea, jakina) berriro antolatzeko itxaropena.

Baina tira, gaur mezu baikorra helarazi nahi dut eta, aspaldi honetako hizkerari jarraiki, beharreko aurrerabidetzat hartuko dut, nahikoa ez bada ere, oraindik egin beharreko bidea luzea baita. Edo, eskolan esango lieketen bezala, betiere alderdi pedagogikoa indartu eta ahalegintzeko saioa saritu nahian: hobetu beharra daukaten arren, aurrerabide egokian ari dira.

Utzi iruzkina