Berdintasunaren alde, itxuraz

Mariano Ferreri buruz kontatu behar dudana ez da Alardearen eztabaidaren hasiera-hasierako zerbait, mundu guztia ustekabean harrapatu zuenekoa; adibidez (orduan “El quiosco de la Rosi saioan”), aitortu zuenean ez zuela tutik ulertzen, besteak beste ezagutzen zituen Irungo emakumeek berek esaten ziotelako erabat kontra zeudela (emakumeen berdintasunezko partaidetzaren kontra, jakina). 

Hau askoz geroago gertatu zen. Patxi Lopez lehendakari zela, Radio Euskadiko goizetatik Xabier Lapitz egotzi eta Dani Alvarez jarri zuten goizeko tertulien gidari. Halakoetan maiz errealitatea bera baino, komunikabideen albisteak, edo hobeki esanda, haiek errealitatea nola islatzen duten abiatuta hasten dira eztabaidan. Tira, eztabaida gutxi eta bakoitzak berea botatzen du, gidariak hitza emanda. 2010eko azaroan, bukatzear zeudela, azken komentariorako, Alvarezek honako hau bota zuen, El Mundo egunkaritik hartuta (beste egunkariek ez zuten aipatu, edo Alvarezek ez zuen haietatik jaso): mutil baten eskariaz, Emakundek eskatu zion gizonezkoen saskibaloi talde bati cheerleader delakoen taldean neskak ez ezik mutilak ere onar zitzala, mutil = jokalari / neska = animatzaile binarismoa (eta haiekin batera haren atzean zegoen mundu-ikuskera hierarkikoa) apurtzeko, mutil batek animatu nahi bazuen, egin zezakeelako, hura ez baitzen bigarren mailako egintzarik behin taldeak onetsiz gero halako eginkizunen banaketa (jokatzea eta animatzea). Hor nonbait.

Baina Alvarezek ez zien galdetu zer iruditzen zitzaien kontu hari berari buruz, Emakunde halakoetara (esan gabe doa, baina ulertzen zen, halako huskerietara) dedikatzea zer iruditzen zitzaien baizik. Era berean, ez zuen kuestionatu El Mundok albisteari eman zion tonua, segur aski bera zeharo bat zetorrelako harekin: ez al du beste lanik Emakundek? Ez zekien, edo ez zen saiatu jakiten, edo ezikusia egin zion, Emakundek obligazio juridikoa duela iristen zaizkion eskakizunei erantzutea, ez zela izan Emakundek animatzaileen mundua desfeminizatzeko kanpaina baten baitan ari edo halakorik. Honaino testuingurua. Tertulian, Mariano eta Lurdes Perez, biak ala biak kazetaritzaren munduan eskarmentu handikoak. Isilune bat, eta Mariano hasi zen (erdaraz, jakina):

“Ez dut ulertzen nola hamabost urteren buruan ere jarraitzen duten emakumeek Alardean parte hartzeko eskatzen, behin eta berriro ezetz eta ezetz esanagatik ere”. Hitzez hitz, por qué insisten. Azter dezagun: harira batere ez zetorren arren (haren komunztadura mentalean, aldiz, bai), horixe ekarri zuen aipagai. Eta diskurtsoa betikoena baino askoz ere tranposoagoan. Hasteko, ez zuen esan kontra dagoela (por los derechos de la mujer estamos todos, jakina), ez duela ulertzen baizik. Erretorika hitzak gaur egun ospe txarra du, baina berez komunikatu nahi den mezua modurik eraginkorrenean transmititzeko artea da, hizkuntzaren baliabideak trebeki erabiltzean datzana. Latina ikasten nuen aspaldiko garai hartan gogoratzen dut galdetzeko era desberdinak zeudela: bata zen benetan jakin nahi zena galdetzeko; beste bat, erantzuna jakina, errieta egiteko modu bat. Ama batek esaten duenean “ez dut ulertzen zergatik uzten dituzuen galtzontziloak lurrean botata labadoran sartu gabe, hain zaila al da?” inork ez du ondorioztatzen amek berezko ezjakintasuna dutenik, errieta egiteko baliabide askotariko bat darabiltela baizik. Bada, Ferrerren kasuan berdin, baina okerrago, betikoen ezaugarri nazkagarrietako bati helduta: baten batek erantzun balio diskurtso feminista batekin, esango zukeen bera zaharregi zela gauza batzuk ulertzeko eta ez zela halakoetan sartzen (halakoak entzunak nizkion beste gai batzuen inguruan). Baina inork erantzungo ez balio, gertatu zen bezala (eta berak bazekien) zaborra bota zuen berdintasunaren kontra, modu sibilinoan betiere: insidia du horrek izena, harria bota, kalte egin baina behar izanez gero hitzez hitzeko interpretaziora itzultzeko aukera. Mariano Ferrer ez zen ahobero bat, taberna batean garagardoa eskuan duela edozein astakeria esateko gai eta gero gaia desbideratzen duena; ez, beste tesitura batean zegoen. Irratian zegoen, publiko oso zabalari mezu bat helarazi nahi zion, eta dardoa iltzatzeko erabili zuen; gainera, programaren aurkezleari erantzuna ematen ziolakoan jardun zuen, beste adibide bat jarrita.

Lurdes Perezek erantzun zuen harengandik espero izateko moduan: berak ere ez zuen ulertzen zergatik tematzen den inor kide izaten onesten ez duten elkarte batean, Alardearena eta espazio publikoan berdintasunaren ikusgaitasuna edo ikusezintasuna gai berebizikoa arlo pribatuaren arazo pribatura mugatuta, eta gainera biktima kulpabilizatuta, zentzu horretan Marianoren antzera: zergatik molestatzen dituzu onartzen ez zaituztenak, zergatik egon nahi duzu haiekin gustura egoterik ez badago?

Biek ala biek erantzun zezaketen ez zutela ulertzen nola zen posible, hamabost urteren buruan, inor emakumezkoen berdintasunaren partaidetzaren kontra egotea oraindik. Baina, isiltasunez edo isilkeriaz (hori ere erretorikaren baliabide bat da), argi utzi zuten hori oso ongi ulertzen zutela. Edo halako mezua helarazi zuten, berbalizatu gabe ere. Imajinatzen duzue Perez edo Alvarez deiturako gizonezko bati, hain zuzen jatorriz kanpotarra delako (Euskal Herrian mendeen mendez egon arren) galaraziko baliote elkarte pribatu baten kide izatea? Imajinatzen dituzu Ferrer edo Perez baztertzaileen alde, baztertuaren jarrera ulertezintzat jota? Eta, gainera, tranpa eginda: nik ez dut esaten ez duela eskubiderik, nola ez, superprogrea naizelako, esaten dut ez dudala ulertzen zergatik tematzen den. Utziko baliote kide izaten, nik ez nuke sekula aurka egingo. Behintzat Perezek bai lotu zuen gaia Alvarezek planteatutakoarekin, eta Alardearen gaia, faltsukeriaz bada ere. Publiko/pribatuaren arlora eraman zuen, eta badakigu DVko kazetari batek zer eman dezakeen. Baina Ferrer?

Gaia ez zen bere hartan agortu, aitzitik ere: lehenago, tertulian aritu ziren Patxi Lopezek eratutako “aholkulari talde” bati buruz (Frantzian Conseil de savants delakoak egin ohi dituzte, alderdikeriatik haragoko gai sakonagoei buruz hausnartzeko), eta bistan zen gure Patxik alderdikeriak utzi eta berez gizarte zibilaren aitzindari akademiko-profesionalengan trasladatu nahi zuela berez zeukan zilegitasun politiko urria. Ba, lehentxeago Lopezen asmo propagandistikoari egotzitako hura berbera (eraginkortasun praktikoa izango ez zuelako eta “hatzez” hautatutako profesionalen ustezko neutraltasuna zalantzan jarrita), bat-batean bihurtu zen berebiziko tresna berdintasunerako. Emakumeek Alardean ez, halako kontseiluan egoteko aldarria egin behar zuten, handik bai zelako posible munta handiko ebazpenak hartzea. Zergatik zen oso inportantea emakumeak han egotea, jakinik emakume gehien-gehien-gehienek ez zutela inoiz inolako aukerarik izango han egoteko (gizon gehien-gehien-gehienek bezala, bidenabar esanda) eta jakinik ere inork ez zuela adierazi kontseilu informal hartan, kontsultazkoa baizik ez zen erakuntza instituzionalik gabeko hartan berdintasunaren alde aurrera egiteko zela, hura gehienez ere arloetako bat eta gainera orokortasunezko (orokorkeriazko) ildoak seinalatzera dedikatuko zela?  

Esan gabe zihoan (berriro ere erretorikaren tranpa), emakumeen ikusgaitasun publiko-sinbolikoa garrantzirik gabeko huskeria dela iradokitzeaz aparte, berriro ere biktima kulpabilizatu zuela Ferrer zenak: emakumeek, sukaldetik atera nahi badute, oso eginkizun inportanteak egin behar dituzte, eta ez denbora galdu gizonak enpromatzen dituzten sasiberdintasunekin. Aldiz, gizonek ez dute inolako lanik egin behar berdintasunaren alde, eta festaz patxada ederrean gozatzera dedikatu daitezke inori esplikaziorik eman gabe, emakumeak ez bezala; areago, emakumerik gabeko festak nahi badituzte, ez dute inolako azalpenik eman behar zergatiaz. Izatekotan, emakumeak dira justifikatu beharko luketenak zergatik sartu nahi duten hor, eginkizun inportanteetarako tarteak eta aukerak galduz. Jakina, esan gabe doa… baina bonba ideologiko hura guztia inplizituki doa hain zuzen ere gatazkaren errudunak errugabetuz eta biktimak errudun bihurtuz. 

Baina hori guztia ulertzeko eta pozoi ideologiko hura ura bezala ez edateko oso erne eta oso kontziente egon behar da, eta nork entzuten du horrela irratia kotxean lanera doala? Porque aquí por los derechos de la mujer estamos todos, tanto que hasta les decimos (beste behin ere) qué, cómo y dónde tienen que hacer para conseguir la verdadera igualdad. Jakina, ez zuen hala esplizituki adierazi, baina hori da mezua. Falta zuen esatea: joan daitezela Lopezen aholkulari-taldera, que así parece que hacen algo pero ahí no molestan. Dime de qué alardeas, Mariano, y te diré de qué careces. Hain zuzen ere hitzaren maisu bat zelako, hain zuzen ere gaia hizpide ekarri zuelako batere beharrik gabe, ikaragarrizko mina egin zion berdintasunari, oharkabean eta, okerrago, on beharrez ari zelakoan.

Harrez geroztik, orain harira ez datorren arrazoirengatik, Unibertsitatean hitzaldi batzuetan haren partaidetza transkribitzeko lana egin nuen. Jakina, han askoz feministago agertzen zen, betiere zentzu generikoan, eta parte-hartze bakoitza bukatzen zuen “…pero bueno, yo ya estoy muy mayor y me he quedado muy atrás en muchas cosas…” jakintsu apalaren erretorika maisuki erabilita (bistan da hau ere seminariotik pasea zela, ezta? edo halako hezkuntza jasoa zuela behintzat), publikoaren barretxo konplizeen artean.

Erretorika eta auctoritas: alegia, autoridadea jatorrizko bertsioan: pertsona batzuek esaten dutelako, aitortzen zaien jakintzaren jabe direnez gero, esaten duenak berebiziko balioa du. Horrexegatik oso tentuz ibili behar dute, eta horregatik, Radio Euskadiko beste hainbat tertulistok (Perezek, esaterako) halakorik bota balute, ez zukeen transzendentzia handiagorik izanen. 

Biharamunean, edo handik bi egunetara, Maria Silvestrek berak eskatuta, Alvarezek aukera eman zion azal zezala albistean esandakoa. Lotsagarria iruditu zitzaidan: Emakundeko buruak bere burua desenkusatu behar eta esplikatu behar zer eta nola izan zen arazo; bide batez esanda, saskibaloi taldeak berak ontzat eman zuela haren aholkua eta aplikatu behar zutela (egin duten ala ez, nik ez dakit), Alvarezek sí.., ya… gutxiespenezko monosilaboez erantzuten ziola, “pues aquí queda su versión, señora Silvestre” bukatuz, edo halako zerbait. Beraz, bai, transzendentzia handiko gaiak dira. Alvarez bera da irailaren 8 baten biharamunean Arantza Urretabizkaiari egun on esan eta “me alegro de que ayer todo transcurriera con normalidad…) eta Arantzak moztu eta esan zion “con normalidad no, esta situación es cualquier cosa menos normal, sin manifestaciones de violencia” edo halako zerbait, eta Alvarezek, bukatzeko… Bueno, pues me alegro de que hubiera normalidad (berriro eskapatu zitzaion… no dejes que la realidad o una comentarista feminista te estropee un buen titular) baina horren ergela ez da eta esan orduko konturatu eta zuzendu zuen… o al menos lo parezca.

Utzi iruzkina