Baserritarra versus soldadu

Euskaldun berdin baserritar? Egunotan komunikabide eta sare sozialetan, Euskararen Eguna kari, umeak baserritarrez janzteko (des)egokitasuna izan dugu hizpide. Azken finean, eztabaida honetan datza: noraino da “baserritar jantzia” identitario, eta zeren identitate islatzen du? Mugatzailea da, ala dagoeneko euskaltasunaren ezaugarri neutro samartzat har liteke? Santomasetan mozorrotzen/janzten direnak, edo Zarauzko Euskal Jaietakoak, nago ni ez ote diren gehiago tokian tokiko identitateekin identifikatzen ezen ez euskara edota baserriarekin.

Ez da erantzun bakarreko gaia. Izan ere, euskara eta baserria lotzea arriskutsua den bezala -ez nik ez nuke hortik joko-, agian aztertu beharko genuke euskal jantzi folkloriko hedatuena zergatik deitzen dugun “baserritar jantzia”. Duela ehun bat urte sortutako janzkera da, eta ordurako baserritarrak, batez ere emakumeak, ez ziren hala janzten (berdin esan genezake kostaldeko herri-festetan ikusten ditugun “arrantzale jantziez”). Hortaz, interpretazio historizistatik asko zuen, eta idealizatutako estereotipotik ere bai. Areago, kaletar xumeak eta baserritarrak berdin janzten ziren, eta euskaldun kaletar asko zegoen duela mende bat Euskal Herrian, Irunen bertan, esaterako. Irungo adibide bat aipatuko dizuet, gaia uste baino konplexuagoa dela iradoki nahian. Duela hamar bat urte argazki-denda batean familia-erretratu bat ikusi nuen, nire auzoko baserri bateko bikote baten urrezko ezteia zela eta: aitona-amonak, haien seme-alabak eta suhi-errainak eta bilobak. Den-denak baserritarrez jantzita, “benetako baserritarrak”, aitona-amonak izan ezik, haiek dotore-dotore baitzeuden. Hala ikusi nahi zuten bere burua eta hala erakutsi nahi zieten besteei: baserrian jaio baina baserrian (baserriaz, hain gutxi) bizi ez diren eta euskara nolabaitekoa duten belaunaldikoak, eta euskara etxean baino gehiago eskolan ikasitako umeak, “baserritarrez”. Aitona-amonek ez zuten halako janzkerarik, beharrik ere ez!

Nihaur duela 49 urte, gure ama zenaren herrian,
argazkirako osaba kaletar erdaldunaren txapela jantzita

Eta honek guztiak zer ikusi behar duen Alardearekin? Ba, lotura estua dago bi aldetatik:

  • XIX. mendeko folklorizazioan, Alardeak sustatu zituztenak ez ziren baserritarrak izan, kaletarrak baizik, eta hasi ziren (mende oso bat behar izan zuten lortzeko) herritar xumeen jai-janzkera (kolore zuri-gorriak) kontzeptualki “soldadu-uniforme” bihurtzen.
  • Iban Zalduari jarraiki Bidasoaldeko “la Cosa” dei genezakeena lehertu zenean, argudio nagusietako bat izan zen guztiz eskandalosoa zela emakumeak “soldaduz” janztea, hain eskandalosoa ezen ezin esan janzten zirela, mozorrotzen baizik. Eta eraso asko txaketak eta batez ere txapelak eranztera bideratzen ziren.

Kuriosoa, gero, emakume “betiko” guztiz gehienak festarako txapela eta gerrikoa (jatorrian gizonezkoen janzkiak) jantzita agertzen baitira. Galtzak aparte utzita, jakina, aspaldi handian erabat normaldua baitago haien erabilera, baita gure ama zenaren belaunaldikoen artean ere.

Hitzak zer arriskutsuak diren: “baserritar” eta “soldadu” esaten dugun tokian “euskal herritar” esanez gero, polemika batzuen zentzua erabat aldatuko litzateke. Eta beste batzuk sortuko, baina gaurkoz bego.

2 erantzun “Baserritarra versus soldadu” bidalketan