Olentzero hura bai joan zaigu

Duela 50 urte gertatu zen. Ordura arte Olentzerotan lelo hau kantatzen genuen:

Horra, horra
gure Olentzero
eserita dago
pipa muturrian
kapoi pariakin
arraultzetxuekin
bihar merendatzeko
botila arduakin
boo ti-la arduaakiiinn!

Ibarla inguruko baserrietan ibiltzen ginen, Bidaerrekakoak eta gehienez ere lehengusina zaharrenaren lagunen bat. Baina orduan, zazpi urteak beteta, “kalera” jaisten utzi zidaten, eta hala egin nuen, kaleko laguntxo batzuekin. Han bi gauza deskubritu nituen:

Bata, helburu nagusia ez zela kantatzea, dirua biltzea baizik. Egia esan, aurreko egunetan entseguak egitea izaten zen dibertigarriena. Ibaitako amoñak eman gailetak gustura asko jaten genituen, etxean jaten genituenak baino xaharminduago bazeuden ere, eta ez zitzaigun burutik ere pasatzen alderatzea etxe batean ematen ziguten sos pixarra ondokoan emandakoarekin, zeinek gehiago edo gutxiago. Dena zakutoan begiratu gabe bildu eta etxera iritsi arte ez genuen kontatzen.

Bestea, gu ez ginela euskaltasunaren, baserritartasunaren, irundartasunaren, deustasunaren epizentroa, aitzitik ere. Tira, hori bagenekien, gure auzoan bertan euskara zaharren kontua zen gehienbat; baina kalean ezta hori ere. Olentzero eta Diostesalbe ziren salbuespen bakarrak, erdaldun hutsek ere kantatzen baitzuten. Baina, hura ezusteko desatsegina! Kaleko laguntxoek desberdin kantatzen zuten:

Horra, horra
gure Olentzero
pipa hortzietan duela
eserita dago
Kapoitxuak badauzke
arraultzetxuekin
bihar merendatzeko
botila arduakin
boo ti-la arduaakiiinn!

Umeak ginen eta “bertsioaren” kontzeptua sofistikatuegi zitzaigun. Zein zen “benetako” kanta? Bada, Luis Zubietak ez zuen dudarik: el periódico Gipuzkoako antonomasiazko egunkarian ikasitakoa. Jakingo nuen nik, edo berak ere, periodikoak baino gehiago? Bai, zera! Aitortu beharra daukat argudio hari ezin niola aurre egin. Eta hura kantatu genuen. Eta harrez geroztik bertsio hura erabat zabaldu da, eta gure jatorrizkoa praktikan galdua da.

Esango nuke kanta gero eta gutxiago kantatzen dela, behintzat osoa, Jesusen aipua doktrinamendua delakoan. Baina hori beste kontu bat da, beste baterako. Honek guztiak Alardeekin zer ikusi behar duen? Bada, mende erdia pasata ere komunikabideek, el periódico delakoak batez ere, garrantzi handia dutela herritar askorengan, gertatutakoen pertzepzioa eta gaiarekiko iritzia osatzeko tenorean nork bere eskarmentuz ikasitakoa baino are indar handiagoz barneratzen dugulako, iragan hurbilaren errelatoa besteek irekitako begi horiez ikusteraino.

12 erantzun “Olentzero hura bai joan zaigu” bidalketan