Filtrorik gabe

Joan den astean hil zait ixeba, aita-amen belaunaldiko azkena. Seme-alabak Hondarribian erditu bazituen ere, senarrarekin eta umeekin Frantziara joana (tira, oc hizkuntzaren eskualdera, baina badakizue) eta praktikan ez hangoa ez hemengoa, eta bietakoa. Edo hiruretakoa, hemengo elebiduna izaki. Elebidun diglosikoa, jakina, hizkuntzen hautua modu inkontzientean egiten baitzuen: hobeki esanda, ez dago jakiterik buru barruan zerk egiten zion eztanda bata edo bestea erabiltzeko, eta esango nuke batzuetan bera ere ez zela konturatzen zein hizkuntzatan ari zen, ez eta ingurukoek ere zer espero zuten harengandik. Pentsatu ahala bota egiten zuen barrenetik auskalo zer.

Eta honek guztiak Alardearekin zer ikusi behar duen? Zaudete!

Komentutxikiberri, Amuten.

Duela 15 bat urte bisitan etorri zen Irunera, Lasarteko koinatarekin. Eta koinatak esan: “guk euskeraz eiten deu, baina nola beak (ixebak) ez duen norekin mintzatu (alargunduta, seme-alabek beren artean frantsesez egiten dute, eta bilobek eta birbilobek, zer esanik ez), ba, erderaz eiten du”. Hura esan orduko, ixeba euskaraz hasi zen. Kontrakoa egiteko? Zerbait aldarrikatzeko? Ez, hala bururatu zitzaion. Hitz eta pitz huntaz eta hartaz mintzatu eta gero, hara non galdetu zuen:

“Oye, ¿qué es eso de que las mujeres salen en el Alarde?” Isiltasun dramatikoa, lehengusina anfitrioiak baliatu zuena hitz beste egiteko, edo saiatzeko behintzat. Ez dugu inoiz hitz egin tabuaz, baina Bidasoalde honetan izan ohi dugu elkarren berri, eta lehengusina ez da tuntuna; bai, ordea, maitagarria eta iskanbilari itzuri nahi izaten diona.

Baina ixeba jakin-minez zegoen, eta jarraitu zuen. Eta beste ixeba bat, maitagarria hura ere baina egoera noraino izan zitekeen gatazkatsua jabetzen ez zena, bete-betean sartu zen. Esan gabe doa nik ez nuela ahoa zabaltzeko batere asmorik. Ohar etnografikoak hartzeko koadernoa ere ez nuen atera, baina mentalki hartan ari nintzen. “No, Alarde hasen los normales (sic, nahiz eta nire anaia, normal ez beste guztia zena, bertan egon), las mujeres hasen manifestasión”. Ez naiz karikaturizatzen ari, Behe Bidasoaldeko sisipasa tipikoa erdaraz ere egiten zuten azken mohikanoetakoa zen gure beste ixeba hondarribiarra. Gure lehengusina ahaleginak eta bi egiten ari zen arren, ez zegoen gaia aldatzerik. Eskerrak hirugarren ixeba ordurako buruz pixka bat txolindua zegoen eta ez zuen txintik esaten, eta gure amaorde maitagarriak diskrezioz jokatzea erabaki zuen, gauza orokor bat edo beste esanez.

Eta segi, ez zegoen amore emateko prest: “Entonces, chicas solas hacen todo un Alarde?”

“No, chicos también”

“¿Cómo, chicos y chicas juntos?”

“¡Sí, sí, eso!!!”

Gogoeta egiteko isiltasun dramatikoaren ondoren…

“Mejor… Más salsa, ¿no?”

Zuek zer deritzozue? Hobeto horrela, ala okerrago?

Ahoa bete hortz uzten zaituzten isiltasun horietakoa.

“Y la Virgen (Guadalupekoa, bistan da), ¿qué dice?”

Gure alaben aurpegian harridura handiagorik ezin kabitu!

Bat-batean, beste zerbaiti buruz hasi zen, euskaraz, eta gero erdaraz, eta gero edozertaz.

Gauza batzuetan Hondarribia frankistan erabat ainguratua geratua bazen ere, che bella cosa è la propettiva! Eta kulturartekotasuna, Eta pueblerinismotik aldentzea. Beno, eta pentsatzen duguna mindu gabe baina isildu gabe esateko gaitasuna, gurean ezohikoa.

Utzi iruzkina