Alletu da iñauteria

“Goazen zaharrak ta gazteria…” Eta gaineratzen du Lesakako kantak “kale eta baserrikoak”; alegia, inauteria denona da. Emakumeena ere bai? Inauterien egutegi ofiziala bukatu orduko iragarri da, pandemiaren baimenez betiere, aurten Alarde Parekidea izango dela. Inauteria versus Alarde? Gatazka lehertu zenean, hainbat herritan berdintasunaren alde egin zuten hainbat erakundek. Tolosatik ere iritsi zen elkartasun-mezua, eta anonimo infamante haietako batek berehala erantzun zuen: tolosarrak inauteri zaleak direla, eta horregatik.

Tolosako inauteriak 2012an:
emakumezkoak badira kantineraz jantzita, mozorrotuta daude?

Berez kontu zaharra da konparazioa, Alardeak behar omen lukeen seriotasuna aldarri: duela ehun bat urte idatzi zuen orduko festarekiko kritiko batek “cada vez acude menos gente al carnavalesco alarde”. Baina duela 25 urteko “Alarde Parekidea berdin inauteri” gutxiespen-alderaketa klasikoak jauzi kualitatiboa gehitu zuen: emakumeak gizonarena eginez gutxi iruditu eta eskandaluaren goia joko omen genukeen gizonezko bat kantinera ikusterakoan. Zuberoako maskaradak ez omen dituzte ezagutzen, non duela berrogeita hamar bat urte arte emakumeei galarazi baitzitzaien parte hartzea, baita emakumezkoen paperak jokatzeko ere. Kantinera gizonezkoa? Han ere nahiago zuten, “benetako emakumeak” baino. Dena den, aspaldi handian hartu digute aurre zuberotarrek, lehenik emakumeak rol “femeninoetan” txertatzen, harik eta azkenean denetarik egiten duten arte.

Zuberoako maskarada aurten, Atharratzen; emakumeak rol guztietan.

Euskal folklorearen ezjakintasun entziklopedikoa ez da Bidasoaldeko “betikoen” ezaugarri bakarra. Uste zabala da, eta ustela, inauterietan sexu/genero delakoaren alderantzikatzea zilegi dela, baina ez hortik kanpo. Historiak eta etnografiak, aldiz, diosku inauterietan gizona emakumez mozorrotzea orokortua izan dela, bai, baina alderantzizkoa zailagoa izan dela. Irundar batek kontatu zidan Errioxako herri batean amona eta haren ahizpa aitaren arropaz jantzita atera zirela kalera inauterietan, eta ostiaka sarrarazi zituztela etxean.

Bai, aspaldiko kontuak. Baina gerora jakin genuen Tolosako inauteriak ere ez zirela kanpotik uste bezain berdinzaleak, ekimen pribatuaren aitzakian emakumeak elkarteetatik kanporatzeko tenorean batik bat. Eta Ituren eta Zubietan ere halako afari-giroetan aurkitu dute emakumeek parte hartzeko oztopo handienik.

Hori bai, jatorrian inauteri giroko festa izanagatik aspaldi handian donostiarren autoafirmazio-errito bilakatutako Danborradan, haurrenean behintzat (aurten ospatutako bakarrean), bi “kantinero” atera dira. Eta ez da deus pasatu, edo bai, ikaragarria gertatu da, hain zuzen horrexegatik, naturaltasunetik hurbil dagoen jarreraz onartu delako “berritasuna”.

XXI. mendean erdietsitako lorpen horiek ere ez dira etxeraino iritsi, eta 500. urteurren ditxosozkora ailegatuko gara berdintasunaren aldeko urratsik eman gabe. Bi urte alferrik galdu ditugu, galarazi dizkigute lege berri ponposoak onesten dituzten erakunde kanpoeder barren hutsek. Eta okerrena da horretan ere ez garela batere originalak. Extremadurako Villanueva de la Serenan inauterietako Peropalo ospatu eta han ere berdintasunaren txakurrak oinutsik;  emakumeek beren kabuz eta nola edo hala ospatu behar izan baitute gazte eta zahar, kale eta baserritar guztiena behar lukeen festa.

Utzi iruzkina