Zer moduz Santa Martxoak8? Ongi ospatu duzue Berdintasunaren Jaia? Zoriondu zaituztete, neskak? Aldarrikapenetik gero eta gutxiago duela ematen baitu. Eta emakume langilearena, alderdi baten Obrero hitza bezala, apenas bilatzen dudan arrastorik. Nork daki! Beharbada ona da aldarrikapen maila apaltzea, aldarrikapena jende mota ororenganaino hedatzearen truk.
Baina, beste behin, Alardearena ez ote den sua, haren arrimuan eltzea jarri eta gure berdinzaletasuna nolakoa den jakitekoa: egunerokoa eta sakona ala puntual eta azalekoa, Eguberrietako desio onen antzera, berehala ahaztua? Hondarribiko anonimo batean salatu zuten Alardearen berdintasun aldarria emakume burges batzuen kapritxoa besterik ez zela, emakume hondarribiar langileen benetako kezkak gutxietsita. Tira, euskaraz egitea ere burgesen kontua omen da orain, nire haurtzaroan caseroburroena baizik ez zen bezala; beno, eta Hondarribian arrantzaleena ere. Langile obreroak erdaldunak ziren Behe Bidasoan, eta beharbada horregatik daude erdara hutsean “betikoen” anonimoak, “benetako feminismoaren” aldaretan euskara ere sakrifikatuta.
Kontua da aurten, emakumeen ile-apaindegi superbetiko batean (ekaineko erakusleihoa ikusi besterik ez dago), aurten horrela apaindu dute:
Ez dira itxurazko feminismora batu diren “betiko” bakarrak. XXI.eko santoral laikoa kari “Betiko Alardeen” agintariek –gizon izan behar, jakina– hauxem eskaini digute: https://www.instagram.com/p/B9eQxtyo_5p/?utm_medium=copy_link
Argi dezadan Alardean berdintasunaren alde “Bidasoaldeko Emakumeek” egin zutela, eta haien kontra eratu zirela “Irungo Emakumeak” eta “Hondarribiko Emakumeak”. Beraz, ez ezazue pentsa gizon horiek Irun eta Hondarribia esanda herri horietako emakume guztiak goratzen dituztela, “Herriarenak” baizik. Gurean herri eta Herri ez baitira gauza bera.
Honek guztiak barregarritik askotxo luke, ez bageneki 2018an (ziztuen urtea Hondarribian, gogoratzen?) erasoa jasandako fotokazetari batek, erasotzaileek behin eta berriro auzietara eramanda, hiru urteko kalbario baten ondoren, 3.000 € xahutu behar izan dituela, haren kontrako epairik egon ez den arren. Badakizue, “juicios tengas y los ganes”, hitzez hitz. Alderantzizko errealitate betikoan haiek egindakoa inoiz ez da eraso, eta salaketa oro laidogarri zaie. Ez dut interesatuarekin zuzenean hitz egiterik izan, eta ez dut haren izena eta xehetasunik eman nahi berak baimendu arte. Horregatik ere ez dut jarriko “Hondarribiko Emakumeek” idatzitakoa. Baina imajina dezakezue.
1996ko udazkenean Hondarribiko Kultur Etxean hitzaldi moduko bat antolatu zuten, irailaren 8an ustez gertatutako erasoak gezurtatzeko asmoz. Hartara, ikus-entzunezko frogak erakutsiko zituzten. Orduan hain etsita zeuden “Herria” zegoela zeharo bat eginik haiekin ezen, irudietan argi eta garbi ikusten zelarik erasoren bat, gehien-gehienak barrez lehertzen baitziren. Baten batzuk, ordea, eskandalizatuta atera ziren, eta larrituta. Eta iritziak “normal” askorekin kontrastatzean konturatu ziren beren normaltasuna anormala zela, eta orduan komunikabideak ere “gaizto” bilakatu ziren. Nabarmen uzten zituztelako.
Hori bai, orain Santa Martxoak8ren debotak dira, Ama Guadalupekoaren bezain.