Progres euskaldunes

Zein da Alardearen hizkuntza? Hau guztia hasi zenean, Hondarribiko anonimo infamanteen artean, batek errudunak identifikatu zituen: una cuadrilla de progres euskaldunes. Bai, ongi irakurri duzue, ez Irunen, Hondarribian. Ez al da herri euskalduna? Bai eta ez. Bai, dudarik gabe, baina gero eta gutxiago, dudarik gabe.

Alardeak, nola ez, islatu eta areagotu egiten du egoera soziolinguistikoa: ez da soilki Hondarribian gero eta gutxiago entzuten dela, nork eta nola darabilen alde batean edo bestean jartzen zaitu. Arrantzale-koadrila zarela, edo baserritarrena? Ba, euskara jatorrean ariko zara San Pedro kaleko poteoan. Baina baserritarrak rara avis bihurtu dira, eta afrikar jatorriko arrantzaleak ez dira baskofonoak. Euskara gero eta zaharragoen eta umeagoen hizkuntza bilakatzeko prozesu “naturalean”, hara non San Pedro kaleko poteoan unibertsitate-ikasketak  dituzten batzuek euskarari eusten diotenI Eusten? Hori ez da “Onddarbiko” euskara jator benetakoa, progreen batua baizik! Euskara artifiziala, erudituena, ez inondik inora Herriarena! Jakina, eta Alardea ez dute maite, Herria eta Herriaren hizkuntza (irakur bedi “erregistro linguistikoa”, gaurgero ez baita sukalki mailara iristen) maite ez duten bezala.

Arrantzaleen patroi San Pedro kalea bertakoen eta kanpokoen aisialdiaren biltoki bihurtu da aspaldi

Hori da anonimoen bertute gorena: inolako disimulurik gabe azalerazten dute beren burua “Herria” dutenen pentsamoldea, gerora politikariek, hedabideek, diskurtso ofizialek makillatua. Esajeratzen ari naizela uste duzue? “Betikoei” mania diedalako interpretazio zital maltzurra egin dudala?

Tira, zuek erabaki. Baina lehenago azter ezazue beste datu bat, zeuen ondorioak atera ditzazuen: Jaizkibel konpainiak idatziz entregatzen du Alardean integratzeko borondatea, modu protokolario samarrean. Erantzuna? Erantzunik ez, espero izatekoa. Baina urte batean bai, urte batean Hondarribiko Betiko Alardearen Aldeko Fundazioaren idazkariak, edo halako kargudunak, idatziz erantzun zien, handik egun batzuetara. Idazkia euskara hutsean jaso zuenez, bera erdaldun hutsa izaki, zer egin zuen? Ba, turkieraz erantzun! Bai, ongi irakurri duzue. Abokatua zen eta bezero kurdu bat omen zuen, eta hari eskatu zion itzul ziezaiola. Ez dizuet esplikatu beharrik zergatik idatzi zuen turkieraz kurdu batek, euskaldunak ez gara geure hizkuntzan analfabeto izandako bakarrak.

Zalaparta pixka bat entzun zen arren, ez ezazue pentsa hauts askorik harrotu zenik. Badakizue, beti kexatu behar duten “progres euskaldunes” batzuk, eta Jaizkibelen biktimismoaren beste adibide bat… Beno, “betikoen” artean mundu guztiari ere ez zion grazia handirik egin txantxak –interesatuak hala kalifikatu zuelako: txantxa bat izan zela–  eta iraintzeko asmorik ez zuela adieraztearren, behar bezala erantzun zuen; alegia, espainol hutsean.

Hori bai, Hondarribiko anonimo eta ez anonimo “betiko” guztien bukaera beti da euskara hutsean:  “Gora Ama Guadalupekoa”.

Erantzun bat “Progres euskaldunes” bidalketan