Alarde… foralak?

Gaur, uztailak 21, 145 urte dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foruak ezabatu zirela. “Euskal foruak” esamoldea ez da zuzena:

  • Batetik, Zuberoak, Baxenabarrek, Lapurdik eta Baionak beren foruak eta instituzioak Frantziako Iraultzan galdu zituzten; Nafarroa Garaikoak oso murriztuta geratu ziren 1841etik aurrera, baina geratutako pixarra ez zuten galdu.
  • Bestetik, ez dakienak erran lezake Euskal Herri osoko lege-multzo edota erakundeek batasun moduko bat zutela, inguruko herrialdeetatik at. Eta ez zen hala

Trantsizioan zabaldu zen Irun eta Hondarribiko Alardeen jatorria foru milizietan zela. Tesia historikoki okerra baina sozialki arrakastatsua izan dela idatzia dut. Interesa izanez gero, jaits itzazue blog honetako lehen sarrerako DIME6SAG eta DIME8ANT dokumentuak. Bigarrenean Juan Arana Infanteriako koronel, Mikeleteen teniente koronel, karlisten etsai amorratu eta haien setioan plazako komandante militar, gerora Irungo alkate eta Alardeko jeneral izandako pertsonaia historikoa topatuko duzue.

Orain iIturrian apaingarri, burdinazko bi esfera horiek karlistek 1874ko azaroan jaurti bonbak dira. Askok uste ez bezala, mikeleteek ordena liberalaren alde eta beraz karlisten aurka egin zuten. Irungo folklorean Alardeetan ez baina Euskal Jiran agertzen dira.

Figura harengan ulertuko duzue nola nahasten diren errealitate historikoa eta Alardearen koreografiak darabiltzan osagai “historizistak”, jatorrian azal folklorikoa izateko sortu eta gerora erritoaren muin bilakatuak: batean beste inork nahi ez zuelako Alardean jeneralarena egitera “behartuta” aurkeztu, beste batean foru miliziei zegokien alkate/alardeburu kargu bikoitzaren eredutzat jo daiteke. Eta hala, Alardeak Foruen ezabapenaren aurkako erreakzio “folkloriko-politiko-euskaltzale” direlako tesiaren okerra hezurmamitzen du gure Aranak. Aztertu al du inork, halere, zer zeritzon Foruen ezabapenari irundar liberalen heroiak? Batez ere, frogatu al du inork 1888an alkate/alardeburu agertu zela ehun urte lehenago hala zelako? Tira, hori ere jorratua dut: Europan XIX. mendeko folkloreak musikan, janzkeretan, desfileetan zabaldutako gustu “napoleondarra”, baita Besta Berri eta hainbat jai erlijioso hutsetan ere (ikus berriro, interesa izanez gero, DIME6SAG) Irungo historia, eta hain zehatz karlistaldiena, eta bereziki Aranaren figura interesatzen bazaizue, idealizazioetatik harago, gomendatzen dizuet Mikel Alberdiren Irungo historialariaren azken lana: “Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876)“.

Aurreko sarreran “Alardea = nafar askatasunen aurkako ospakizun mingarria” dikotomia faltsua salatzen nuen bezala, hau ere salatu beharra dago: historiaren egitekoa ez da herritarren belarriak goxatzea eta aposteriori egindako juzguak edota eratutako imaginarioa justifikatzea; folklorearena… agian bai. Baina historia eta folklorea ez dira nahasi behar. Edo ez lirateke behar. Hain da tentagarria, ordea, folkloreaz baliatzea gure ametsak (ameskeriak?) iraganean proiektatzeko…

Utzi iruzkina