Mingarria

Uztailaren 15ean, Elkano Fundazioak antolatuta, Getarian “Elkano ala Elkanoak?” mintzaldien sintesi-saioan parte hartzeko ohorea izan nuen, ohorezko partaideekin: Gaizka Aranguren kazetari eta historialaria parean, eta Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria dinamizatzile. Ni gustura geratu nintzen neure buruarekin eta planteatu ziren gaiak jorratzeko moduarekin: batzuetan ados, besteetan ez, askotan bata bestearen osagarri… Bukatzeko, datorren urtean Elkanoren mundu biraren 500. urteurrena dela eta, nola jokatu? Jakina, Amaiurkoarena ere bada, eta hizpide izan genuen. Nik gehitu nuen San Martzial borrokarena ere badela, eta hura gogorarazteko (ospatzeko?) tenorean ezin dela atzendu berdintasunaren aldeko edo kontrako borroka: betikoek beste behin historiara jo dute, orainari ihesi egin nahian; beste batzuek (alegia, nihaurek) baliatu nahi genuke gogoeta egiteko, Elkanorekin ari ginen bezala, 500 urteotan zertan eta zergatik aldatu garen ez baita azaren azpiko orria. Halako batean, publikoaren arteko batek bota zuen Irungo eta Hondarribiko Alardeak ospatzea mingarria zaiola, Nafarroaren aurkako ospakizunak izaki. Arangurenek berehala ihardetsi zion, Hondarribikoarenak Nafarroarekin zerikusirik ez duela argitzeaz gain, ez direla nahasi behar irakurketa historikoa eta gaur egun ondare immaterial gisa jendeak sentitzen duen adierazpide kultural kolektiboa, eta horrek duela garrantzia. Esan beharra dago Aranguren aditua dela ondare immaterialean, eta horri heldu genion hortik aurrera.

Esanen zeniokete neska honi ezin dela bere herriko festetako protagonista izan ama Dominikar Errepublikakoa duelako? Eta duela 500 urte Nafarroako erresuma feudala okupatua zegoelako?

Baina egia esanen dizuet niri mingarria egin zitzaidala, arrunt mingarria, beste behin ere euskaldun hainbaten biktimismoa eta emakumeen eskubideekiko axolagabekeria: noizdanik zaie euskaldun batzuei mingarria ustez (gaia mamitsua da, baina beste baterako utziko dut) nafarren kontrako garaipenaren ospakizuna, Arangurenek berak aitortu bezala Irunen askok eta askok ez dakitena? Duela ehun urte Amaiurren monolitoa eraiki eta inork ez zuen halakorik aipatu, urrezko aukera izanagatik ere. Frankismoan espainol/frantses dikotomia zen ardatza, bide batez esanda erabat gainditua (galdetu, bestela, Bidasoaz iparretik jaiak ospatzera zetozen eta oraindik datozen –gizonezko- euskaldun eta frantses hiztunei). Trantsizioan foru milizien eta beraz euskaldunon autogobernu militarraren tesi historikoki faltsua baina sozialki ikaragarri eraginkorra zabaldu zen (gai hau ere gai arras interesgarria, Arangurenek apuntatu zuena). Orduan? Bada, 1996an berdintasunaren aldeko aldarriarekin batera, erreakzio bortitza ulertu nahian, galdera orokortu zen. Eta benetan mingarria da, azaleko berdintasunetik harago, jende asko hasi zela galdezka ea zer ospatzen zen Alardeekin. Ez zuten galdetzen zergatik baztertzen ziren emakumeak, gehienez ere zergatik zen horren bortitza erantzuna; baina ezezkoa berez zilezkotzat jotzen zen. Eta batzuk (orain ez naiz horretan sartuko) Nafarroaren kontrako garaipenarena “deskubritu” zuten, eta deitoratu, jakina. Bai ote? Hori zen benetan Alardeetan ikusten zutena, emakumeek beren herriko festetan parte hartu nahi zutelako sekulako indarkeria jasaten zuten bitartean? Kazereñoei, afrikarrei, edo Nafarroako agotei galarazi baliete, orduan ere haien alde sutsuki egin beharrean festa bera kuestionatuko zuketen? Ezezkoan nago ni. Athletikeko emakumeei gabarra ukatzen zaienean, hasi behar al dugu Espainiako Liga edo Errege Kopa direla problema, edo futbola bera, nik batere maite ez dudana, eta ez matxismoa?

Erraza da nire bizilagunak eta auzokoak matxista hutsa direla esatea, eta ez dut nik ukatuko; baina… ziur zaudete zuek, berdintasunaren alde dudarik gabe zaudetela uste duzuen horiek, Irun eta Hondarribikoa erlatibizatzen edota mamia (berdintasuna) historiara, politikara edo auskalo zertara desbideratzen duzuen bakoitzean ez zaretela berdintsu jokatzen ari? Gainera, Nafarroaren kasuan, luze-zabal mintza gintezke historiaz, eta ni gustura asko; baina… ziur zaudete ez zaretela nahasten ari iraganaren irakurketa historikoa eta etorkizunera begirako ametsak? Otamendik aurkezpenean solasgai izan zuenez, Amaiur eta handik hiruzpalau kilometrora dagoen Bozate landuko dut beste batean; hots, “esadazu zer interesatzen zaizun historian eta esanen dizut zer nolako etorkizuna amesten duzun”.

Utzi iruzkina