Zaldia versus behorra?

1998an, zaldiak ez ezik behorrak ere ez ote genituen atera behar galdetu zidan -benetako berdintasun koherentearen bila baino gehiago, gure aldarrikapenaren absurdua isekaz iradokita- zein den jakin ederki dakidan baina anonimatuan ezkutatu nahi zuen irundar batek.

Hamar urte geroago, “betikoen” Alardearenean eta Parekidearenean problemak izan ziren zaldi banarekin. Batean diote tratu txarra izan zela (ez dakit, nik ez nuen ikusi); bestean, arduragabekeria, eta hura bai ikusi nuen: lauhankadunak abere urduriak direla ez dakitenen esku geratu eta bat eskapo joan zen izuaren izuz. Harrez geroztik animaliekiko jarrera arduratsuagoa izan dela, oro har.

Dena den, ez da hori hizpide ekarri nahi nuena. Izan ere, gertakari triste haien ondoren (komunikabideek jeneralen erorikoak baizik ez zituzten nabarmendu, hain zuzen gainerakoan festaren erabateko “normaltasuna” azpimarratzearren), PSOEko eurodiputatu Barbara Dürkhop alemaniar jatorriko donostiar eta terrorismoak hildako Casasen alargunak egunkari batean gutun bat idatzi zuen, Irunen zaldiek pairatutakoa (nahita izan gabe ere) deitoratu eta handik aurrera halakorik ez gertatzeko dei eginda.

Esan gabe doa arrazoi osoa eman niola. Baina, baina, baina… Benetan, Barbara? Benetan lehenesten dituzu animalien eskubideak giza eskubideen gainetik? Hala zuk ere, 1995ean “Emakume progresista” saria jasoagatik, uste duzu emakumeenak ez direla giza eskubideak?

Eta berak ere Alardean parte hartzea funtsezko eskubiderik ez dela uste badu, edo Alarde biei zilegitasun bera aitortzen badie, honako hau proposatzen diot Dürkhopi (erretorikoki: ez dut ezagutzen eta ez dut uste euskaraz irakurtzen duenik) eta bide batez emakume sozialista guztiei:

Alkatearen oniritzia jasotzen duen Alardean parte hartzeko eskubidea ukatuko balitzaio Barbarari, jatorriz alemana delako, imajinatzen duzue zer gertatuko zatekeen politikari batek bazterkeria mota hari ezikusia egin eta zaldien erabilera okerren bat salatuko balu? Erantzun baino lehen, gogorarazten dizuet Alemanian naziek debekatu zietela juduei (hau da, beste aleman batzuei) hemen “traje erregionala” deituko genukeena janztea, herri-folklorea benetako herritar alemanei baino ez zegokielakoan. Komunikabideek eta jende gehienak “tradizional” deitu arren, gogorarazten dizuet “Herriaren Alardea” dela “betikoena”, haien propagandan. Edo imajina ezazue Dürkhop Alardetik baztertuko balute hautu politikoarengatik.

Ez al genituzke berehalakoan irakurriko edo entzungo xenofobia edota etnizismoa edota arrazakeria edota sektarismoa hitzak beste emakume (eta gizon) sozialisten eta ez sozialistengandik, abereen eskubideak pertsona bakar baten gainean jartzea eskandalua zelakoan?

Baina hemen Herriaren etsaia ez da politikoa, etnikoa, arrazazkoa, hemen emakumeak baztertzen dira, eta ez omen dira zaldi-behorren mailara iristen.

Utzi iruzkina