Aurten Alardea(k) izango d(ir)ela ematen duenez, “paperak” egiten hasi behar; besteak beste, zaldi-behorrekin kaleetan barrena ibili ahal izateko. Aspaldiko urteotan –azken biok kenduta, jakina– “gureek” Zubieta etxaldean pasatzen zuten gaua, Diputazioaren eskuzabaltasunari esker.
Ziur aski aditua duzue “Alardea ulertzeko bi era” delakoa, asmo onenean esanagatik ere bazterkeria eta berdintasuna parekatzeko ez ezik indarkeriazko episodioetan erruak ere banatzeko aitzakia: izan ere, aukera biak zilegi badira, zergatik sinetsi alde batekoek egiten dietela eraso bestekoei? Ez al da logikoagoa pentsatzea bi aldeetako muturretakoak ari direla elkarri mokoka, kirolzale burugabe bortitzen kasuetan bezala?
Horixe iradoki zuen komunikabideetan Eugenia Arrizabalaga EAJko batzarkideak 2018ko irailaren 8an, “ziztuen” eszena penagarria kari: “alde biek pixka batean amore emango balute…”. Aitortzen dizuet orduan amorratu ninduela: zertan eman behar zuen amore, bada, Jaizkibel konpainiak erasorik ez pairatzeko? (erasoa alde bakarretik baitzetorren, beti bezala). Bistan da, ordutegian edota ibilbidean, “betikoen” aspaldiko aldarrikapenari amore emanda . Biktima errudun bilakatzeaz gain, proposamena faltsua zen berez: zertan eman behar zuten amore “betikoek”, ez zutela indarkeria baliatuko? Hain zuzen helburu huraxe lortzeko indarkeria baliatzen zuten eta! Ona litzateke, gero, bortizki jazartzen jarraitzea Jaizkibelek amore emanez gero ere! Eider Mendoza hondarribiarrak, Arrizabalagaren aldamenean, isiltasuna hautatu zuen, zuhurrago edota egoeraren jakitunago.
Eta honek guztiak zamariekin zer ikusi behar duen? Oraintxe azalduko dizuet, eta bide batez Arrizabalagari kontraproposamena luzatuko. Zubietako etxaldea erabiltzeko lehen eskabideari Diputazioak eman zigun lehen erantzuna izan zen ordurako beste eskabide bati baiezkoa emana ziola. “Betikoena” zen beste eskabide hura. Erantzun genuen ez zegoela geure aldetik inolako problemarik, eta denak aterpetzeko espazioa egokitu behar bazen, laguntzeko prest geundela. Diputazioak, orduan, baietz: lasaitua ere hartua zutela esango nuke, bata ala bestea hautatu beharreko gatazkan ebazpena zeinahi izanda ere galtzaile aterako zelakoan.
“Betikoek”, aldiz, ezetz esan zuten. Dirudienez, “Alardea ulertzeko beren eran”, San Pedro eta San Martzial arteko gauean alokatutako ekinoak elkarren ondoan egoteak hankaz gora jartzen omen zuen gure arbasoek Limogeseko apezpiku Martzial izenez santutuari duela 500 urte egindako zina.
Hain zuzen 500 urteak “ospatzeko”, detaile polita izan liteke aurten Zubietako etxaldea behingoz partekatzea, edo Alarde hutsa ez den beste nonbait elkartzea, problema bene-benetan baldin bada Alardea ulertzeko era, eta ez zein den zein Irunen. Agian Eugenia Arrizabalagak bitartekari lana egin lezake, Diputazioaren aurrean eta batez ere betikoei dei eginda, amore ematen ba ote dakiten zuzenean froga diezaioten.
Guk ahaleginak eta bi egin ditugu mende laurden luze honetan. Gure marra gorri bakarra da berdintasuna ez urratzea, eta desberdinkeria zilegi dela ez aitortzea, ez baita: errespetua pertsona orok merezi dute, dugu, ez ideiek. Pentsatu nahi nuke horretan Arrizabalagak bat egingo duela gurekin, eta 2018ko adierazpena ez zela genero-indarkeria zuritzeko saio bat, berdintasunaren bidean oztopoak gainditzeko ahalegin bat baizik.