Presentismoa

Irungo eta Hondarribiko tradizionalistek bertute handi bat dute. Gardenak dira, ez dute disimulatzen zer nolako pertzepzioa duten errealitateaz, gaur egungoaz eta iraganekoaz, denboraren osotasuna; areago, denbora historikorik eza bera hitz bakar batean laburbiltzen dute: “betiko”. Inkontzienteki egiten dutela, hain dute naturalizatua denboraren kontzepzioa ahistorikoa? Bai, bistan da; baina horrek ez dio garrantzirik kentzen historiari ematen dioten garrantzia, alderantziz. Izan ere, historia da “betikoen” argudio nagusia berdintasuna ukatzeko. Ikusi besterik ez dago zenbat liburu argitaratu duten.

Azkena da Rafa González Merinoren “La 2ª República y Guerra Civil en el Alarde de San Marcial”. Ohiko eskertze, sarrera eta hitzaurrekoen ondoren, 1931ko Alardea aurkezteko, hain zuzen hainbat garaitako Alardea aztertu eta gero ondorioztatu duelakoan: “Quien controla el Alarde (como Ayuntamiento) controla al Pueblo” (kakotxak eta azpimarra bereak dira). Eta jarraitzen: “Dicho de otra manera como mensaje subliminal, antes como organización municipal y ahora privada, si no se arremete contra el sentido y el sentimiento del Alarde puede tener medio Ayuntamiento asegurado.”

Egiatan? Alardearen historiaz asko dakiela esan eta ondorioztatzen du haren harremana “beti” izan dela berdina herritarrekiko edota Udalarekiko, pribatizatuta ere? Esan dizuet gardenak direla: Alardearen argudio huts dakartza hizpide zentzua eta sentimendua, hitz unibokoak bailiran. Eta hurrengo paragrafoan: “Y ahí lo dejamos ‘para navegantes…’ El Alarde de San Marcial es un sentimiento común muy difícil de explicar y es una obligación para los iruneses formar en sus filas (alegia, gizonezkoa bazara eta ez baduzu parte hartzen Alardean –esan gabe doa, baztertzailean- ez zara irundarra, iruzur egiten diozulako derrigorrezko betebeharrari) de igual modo que se hacía antiguamente, de padres a hijos (foru garaiko derrigorrezko alardeen erreferentzia garbia, betiere ezkutatuz –inkontzienteki beharbada- González Merino deiturakoak foru garai hartan ezin zuela parte hartu odola zikindua eta nahasketa egina zuelako). Posteriormente con la llegada de las tropas naopleónicas dieron entrada (nortzuk?) a las mujeres como cantineras, que además son las verdaderas y únicas protagonistas de la Fiesta”.

Azken gehikuntzak sarrera bat merezi luke edo gehiago. Sarrera honen gaia, aldiz, besterik da: presentismoa, orainaldia iraganean proiektatzea, historiak ematen omen duen zilegitasunaz janzteko gaur egungo aukera ideologiko absolutu bat, absolutua komunitate oso bat hartzen duelako (Herria, letran handitan, zeinarengandik kanpo baikaude kanpotar edota heterodoxook) eta denbora bera, continuum batean Alardearen muina ez baita aldatzen mendeen poderioz. Liburuak egin zezakeen ekarpen historikoa (betikoen ikuspegitik ere badago interesekorik idatzita) ezabatu egin du hasi baino lehen: Errepublikak, gerrak, frankismoak, Trantsizio delakoak, 1996ko emakumeen sarrerak, pribatizazioak, funtsean, ez omen dute izan Alardean eraginik. Tira, foru garaietatik hona kantinerena beste aldaketarik izan ez bada…

Erbestean ateratako aldizkaria.
Alardearen zentzua eta sentimendua berdin-berdina izan al zen gerraren garaileentzat eta galtzaileentzat?

Harritu, ez nau harritu. Egia osoa esatera, historia jakintza gisa ez baina pertzepzio herrikoi modura nola interpretatzen den aztertzeko, “betikoek” biziki errazten digute lana ikertzaileoi.

Eta zuek, irakurle maiteok? Ziur zaudete, “betikoen” jarreren antipodetan bazeundete ere, ez duzuela antzera jokatzen zuen mito historikoekin, zeinahi direla ere? Gogoratu aurreko sarreretako paganismoaren berrirakurketak. Duela sarrera batzuk abiarazitako gogoeta-sorta burutzeko, hona hemen berriro Pio Baroja, fikzioak duen abantailez profitaturik.

Ipuin batean zioen euskal neska batek zazpi senargai zituela. Zein baino zein hantusteago. Salbu eta zazpigarrena, isila, lotsatia, jatorra, ezbairik gabe kartsuena bere apalean, eta neskak hura hautatu. Eta narratzaileak dio: “holaxekoak dira euskaldunak”, eta hainbat bertute goraipatu. Ahots batek, berriz, narratzaileari erantzun: “baina beste seiak ere euskaldunak dira”. “Bai, baina nik nahiago dut pentsatu euskaldunak zazpigarrena bezalakoak garela”. Ironia finak ederki islatzen du nola nahasten ditugun gure ametsak eta errealitatea.

2 erantzun “Presentismoa” bidalketan

  1. Ausarta eta argia. Neofolk asko azaltzen duzun presentismoarekin eginak dira. Margoen errepinteak datozkit burura… oraingo hausnarketa, ondare immaterialaren zahar berrikuntza antzeko bat sortu beharko genuke? Zein irizpide? Interbenzio “Inocuo, revesesible y discernible”? Hau da, “conservador-restaurador de PCI”? Eta faltsuak diren “piezak” baztertu eta egitazkoak berritu?…. Jarrai dezagun ba, jo ta fuego…

    Erantzun
    • Eskerrik asko. Iradogarria, zuk proposatzen duzuna. Egia esan, agian ez dago eranztun bakarra; baina uste dut Barojaren zintzotasuna giltzarria izan daitekeela: “hau nire bertsioa da, ez da kontakizun bakarra, eta nik horrela interpretatzen dut iragana”. Arazoa izaten da, ordea, maiz inkontzientea dela. Ongi izan.

      Erantzun

Utzi iruzkina