Por decir arre burro

Por decir arre burro
dije Manuela:
donde está el pensamiento
se va la lengua

Gaztelako jota umoretsu honen antzera jokatu zuen duela astebete Batzar Nagusietako komunikazio-arduradunak. Tamalez, ez zuen jotaren graziarik izan pentsamendua irristatu zitzaionean txioa idazteko tenorean. Hona hemen testua eta esteka: San Martzial egunean Xabier Ezeizabarrena, Batzar Nagusietako burua Irungo Alardearen eta Alarde Publikoaren etorrerak ikusten-El presidente de las JJGG, Xabier Ezeizabarrena, ha presenciado las llegadas de los Alardes tradicional y mixto. Gora Irun eta gora sanmartzialak! https://x.com/BNGipuzkoa/status/1807385259324932366

Ziur nago asmorik onenarekin idatzi zuela; baina “alardea ulertzeko bi era legitimo” delako diskurtsoa bera bertan behera utzi zuen, eta alderdikeriaz jo. Eta bai, ni naiz lehena diskurtso horren tranpa salatzen duena. Eta salatuko dut beste sarreretan. Orain larriagoa izan da. Ez duela nahita egin? Bada, begira, are larriago.

Irungo Alardea vs Alarde Publikoa; alegia, bata Irungoa da eta bestea ez, Martzianolandiatik edo eroriak omen gara berdinzaleak, egiten duguna ez da Irungoa. Esatea ere bazuen, alarde bat publikoa bada, bestea pribatua dela; baina “jai pribatu baztertzaile” esan gabe ere, Irungo eta pribatu ez daude herritartasun-maila berean, ez zaizue iruditzen? Izan ere, erdaraz Irungoa tradizionala da, nahiz eta jai pribatua XXI. mendean sortu, zertarako eta Irunen ehunka urtetan Udalak, areago, udal osoa izan baino lehen Kontzejuak, antolatutako Alardea ordezteko (bide batez, alkatetzaren kolaborazionismoz, egia osoa esatera), legeari iskin egitearren. Mistoarena, parekide esan beharrean, oraingoz utziko dut, antzekoa baina berdina ez izanagatik.

Laburbilduz, kontuan hartuta orain arte Batzar Nagusietan berdintasunaren kontra bozkatu izan dutela askok, edo alde bozkatutakoan ere (hori ere, beste baterako) ez direla inoiz etorri Alarde Parekidea babestera, nahiz eta etorri direnean bazterkeria ere zilegi egin… Gaur Bidasoaz bestalde bozkatzen ari dira, eta auskalo ez duten bazterkeria normalizatuko, demokraziaren izenean betiere!

Harira, blogaren fase honetan gauzak argi eta garbi eta hinki-hanka eta luzamendutan ibili gabe arituko naizela agindu nizuen eta. Laburbilduz: kontuan hartuta nolako historia daramagun, eskertzekoa da Batzar Nagusietako lehendakariaren eta Diputatu Nagusiaren etorrera, eta nik behintzat benetan eskertzen dut. Dena den, irakasleek esango lizueketen bezala: aurrerapen egokia bai, baina hobetu beharra daukazue, zuek eta komunikazio-arduradunak. Animo, iraila berehala dator eta oraindik Hondarribian gainditu dezakezue Irunen eskas geratu zaizuen iksagaia, berdintasunarena.

A, eta eskerrik asko Irungo ez omen garenok aspaldi honetan zabaltzen hasitako esamolde berbera erabiltzeagatik: San Fermin egun honetan sanferminak esaten dugun bezala, guk ere Gora sanmartzialak nahiago, San Martzial baino. Tira, hori ere beste baterako, baina eskerrik asko.

Utzi iruzkina