Errespetua: hitza modan dago, Alardeez ari garela. Horrela esanda, ongi, ezta? Bada, ez. Zeren eta aspaldi honetako mantra ez baitator beste gabe, eta hain gutxi duela 20 urte berdinzaleok nozitutako indarkeria salatzeko, aukera baztertzailearen alde baizik. Egia da horren trukean berdintasuna ere errespetatzeko eskatzen dutela; hau da, indarkeria ez erabiltzeko prest agertzen dira, non eta aldez aurretik bazterkeria zilegi dela aitortzen baldin bada.
Bai, badakit askok asmorik onenarekin esaten dutela, baina horrek larriagotu baizik ez du egiten arazoa, bazterkeria erabat normalizatua dagoen seinale. Pedagogia asko egin behar da oraindik ere, eta errespetagarriak pertsonak direla aldarrikatu, baina ez ideiak. Adibidez, arrazakeria, edo faxismoa, errespetagarria da? Eta jendeak harri eta zur begiratzen dizu, adibideak tokiz kanpo daudela iruditzen baitzaie.
Enfin, honek ere luze joko luke, eta agertuko da berriro. Gaurko errespetuarena aurreko alkatearen jarreraren harira dator. Pertsona guztiak errespetagarriak dira, besterik gabe? Beno, segun eta zer egiten duten. Ez naiz ari errespetu faltaz, ez dut esaten kabroi putakume edo halakorik deitzea.
Baina, goian aipatutakoa hizpide hartuta: 2003ko bilera hartan (ikus aurreko sarrera), pedagogia asko egin behar genuela zioen. Eta batek erantzun: horretarako dago Udala. Eta gure alkateak kontestu Udala ez dela ONG bat, pedadogia egiten hasteko. Ez, arrazoi du, erakunde publiko bat da, legeek diotenez berdintasuna sustatzeko eta bazterkeria moto oro ezabatzeko edo behintzat horretan ahalegintzeko eginbehar instituzionala duena. Kontrakoa egiten duenari zer nolako errespetua zor zaio? Orain arte gainerako instituzioetan inor ez da enteratu gure alkatearen jokabideaz?
Zuek segi galdetzen zeuen buruari nola den posible, 2024an, alardeena konpondu gabe egotea.