Gogoratzen duzue Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak ETAko bi kideri bota zien “maite zaituztegu” hura? Audientzia Nazionalak inputatu ere egin zuen, 2008an. Denetariko iritziak eta hautsak harrotu zituen esaldi printzipioz amultsua izan behar zuenak.
Urte asko eta gauza asko pasa dira harrez geroztik. Baina Irunen, alkateek, lehenagokoek eta oraingoak, lehengo lepotik burua jarraitzen dute. Orain emakumezkoa dugu, baina horrek ez du deus aldatu: “Alardea bizitzeko bi modu daude, bat gehiengoaren babesa duena eta bestea gutxiengoaren babesa duena, eta biak dira guztiz legalak” (https://bidasoa.hitza.eus/2024/06/30/irun-alardea-parekidea-publikoa-2024/). Esatea bazuen: “Alardea bizitzeko bi modu daude, bat baztertzailea eta bestea parekidea”.
Hurrengoan, “Alardea bizitzeko bi modu” legitimoen matrakarekin datorkizuenean, mesedez, erantzun bideo honekin: https://youtu.be/B4RbdSvwjhE?si=DQcPyqLhOwjsgpXt Errepara iezaiozue 28’30’’-tik aurrera nola egiten dion irundar guztion alkateak laztan-laztan eta matte-matte jai pribatu baztertzailearen buruzagiarena egiten duenari. Jai pribatua esan dut? Baztertzailea bai, baina pribatua, herriarena? Begira nolako antzezpena, nolako eszenategian, “agintari”, banderin, kantinera eta guzti, Udalbatzak “gure arbasoen” zina bete dezan. Alarde guztiz legal horietatik bakarra.
Udal Alardeak parekidea beharko lukeenez, bertan behera utzi eta Udalak “Herriaren Alardean” parte hartzen du, balkoitik eta mendian. Hauxe gertatzen da faxismoa normalizatzen dugunean, eta bai, guztiz serio diot, zeren eta geure legediari berari burutik behera egiten diotenean gure agintariek, eta udaletik gorako instituzioek genero-indarkeria erlatibizatzen dutenean, faxismora lerratzen ari gara; are okerrago, demokrazia delakoan.
Bidasoaz iparraldera arindu bat hartu dugu, Bidasoaz hegoaldera faxismoa aspaldi erabat etxekotua dugu.
Gero ez etorri niri ez duzuela ulertzen nola den posible alardeena konpondu gabe egotea.