Mugan gu? Erdi-erdian!

Euskararen historiaz den mendreneko interesa duen inork entzuna/irakurria du euskalkien mugak bat datozela erromatarren aurreko tribuenekin eta, hein batean, ondorengo elizbarrutienekin, antzinako banaketa haiekin bat egiten zuten heinean. Egia esan, sinesgarria zirudien, batzuen eta besteen muga-lerroak gainkatu eta sarritan bat etortzen zirelako.

Bonaparteren klasikoa, esukalkiak, azpieuskalkiak eta aldaerak muturreraino bereizten zituena, Kepa Altonagak seinalatu bezala.

Koldo Zuazoren eta lan-taldearen azken ikerketa dialektologikoek, ordea, besterik diote, froga eta argudio gehiagoz eta suposizio gutxiagoz, esan ere. Labur-labur: latinetik hartutako hitzak, eta ez dira gutxi, berdinak dira euskalki guztietan, eta horrek adierazten du euskalkiak erromatarren presentziaren ondoren sortu zirela, ez lehenago. Eta elizbarrutiena… bai eta ez; alegia, bai izan zutela eragina, baina ez uste zen bezala. Ondorioak interesgarriak dira, oso: euskalkien hedapena hirietatik egin zen, Iruñea eta Armentiatik (Gasteiz), apezpikuen eta beraz boterearen egoitzak izaki; bai eta, Bizkaian eta Gipuzkoan, lehen hiriguneetatik ere.

Konklusio nagusiak, niretzat eta oraingoz:

  • Euskara = baserria binomioa, geure buruetan guztiz errotua, errebisatu beharko genuke.
  • Euskara botere eklesiastikoaren edota zibil-militarraren baliabide izan da, eta euskalkiak dira horren lekuko, erdarazko botere-nagusigoaren aurretik.

Eta gurera ekarriz:

  • Gu ez gara muga, euskararen erdigunea baizik
  • Oraindik orain batuaren kontra jotzeko ia beti erdaraz zenbaitek aldarrikatzen duen “eleuskeradeIrún” delakoa ez da “betikoa”, gehienbat XIX. mendekoa baizik; hots, historikoki, atzo goizekoa, eta etengabeko eboluzioan. Gainera, anekdotikoak dira inguruko herrietakoekiko diferentziak, gaizki ulertutako irundartasunak (irundarkeriak?) hanpatu ohi baditu ere. 

Mezara zoazten hurrengoan, baldin eta –euskarazko– mezara bazoazte, “Sinisten deeet, sinisten deeet” kantatzean, pentsa ezazue nongo elizbarrutiari zaudeten atxikita… orain. Duela 200 urte joan bazinete, agian bertze meza bat erranen zenuketen. Bide batez, oker ez banago (bestela, esadazue) 1522ko borroka ditxosozkoaren euskarazko lehenengo aipamena sermoi batean idatzi zen, 1831n.

Eta bukatzeko , biziki gomendatzen dizuet Zuazoren weba: http://euskalkiak.eus/euskalkien_jatorria.php Jakizue irundar batek egina dela ingelesezko bertsioa.

Utzi iruzkina