Eta baionarrak bagina?

Aurreko sarreran nioen Irun, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat herrirekin batera, Baionako elizbarrutiarena zela 1522an. Barruti hark praktikan Lapurdi eta Baxenabarre erdia ere hartzen zituen. Esan ere esan nuen aspalditik zetorrela muga politikoak eta eklesiastikoa bateratzeko nahia. Azken finean, Eliza botere-erakunde bat izan da, zerutiarra bainoago mundutarra, eta Erdi Aroan hainbat erakunde politiko baino boteretsuago. XVI.ean, aldiz, gauzak aldatzen hasiak ziren, eta Eliza gero eta nabariago zegoen errege-erreginen menean. Begira Ingalaterran, Henry VIII.ak, Aita Santuak ezkontza ezabatu ez ziolako, erlijio berri bat “sortu” eta haren buru paratu zuen bere burua!

Gurera etorrita, Nafarroa inbaditu aurretik ere, Fernando “Katolikoa” 1508an ahalegindu zen Gipuzkoako herriak kentzen Baionako apezpikuari eta ondorioz haren gaineko Auskiko artzapezpikuari, Iruñeko elizbarrutian eta Zaragozako artzapezpikuarenean sartzeko; alegia, Gaztelako erresumaren peko Gipuzkoa puska anartean independente zen Nafarroako hiriburuaren eta Aragoikoaren menean jartzeko. Eta ausartu zen argudiatzera Baiona eta Auski (Aush gaskoiez, Auch frantsesez) urruti zeudela! Iruñea eta Zaragoza baino urrutiago? Bistan da asmo aitorrezina zerabilela ordurako.

Behin Nafarroa konkistatuta, haren biloba Karlosek lortu zuen Baionako elizbarrutik bereiztea 1524an, baina behin 1530etik aitzina lehengo egoerara bueltatu ziren herri haiek, harik eta 1566ean behin betiko Iruñekoan integratu zituzten arte. Orduko argudioak sendoago ematen zuen ikuspegi katolikotik, Nafarroako Joana erregina kalbinismora bihurtu baitzen 1560an: “frantziar eskualde horretan heresiak iraun bitartean”. Baina ez dago dudarik aitzakia zela, arrazoi baino gehiago: Baiona ez zen nafarra, Frantziako erregerena baizik, eta ez zen inoiz protestanteen esku geratu. Kontrakoa ere argudia zitekeen: Gipuzkoako eta Nafarroako herri katoliko zintzoak elizbarruti berean egonik, are aurkaritza gotorragoa izanen zuketen elizbarruti hartan “benetako erlijioaren” etsaiek.

Bereizketa 1582ra arte ez zegoen hain garbi; orduan bai, orduan berretsi zuen Erromako Aita Santuak Iruñeko elizbarrutiaren aldeko botere-aldaketa, eta heresia erabat apalduagatik ere ez zen lehengoratu egoera. 1712an, adibidez, Baionakoak jarraitzen zuen aldarrikatzen “ez ziela uko egiten espainiar monarkaren meneko elizbarruti-lurraldean zituen apezpiku-eskubideei”, botere eklesiastikoak eta politikoak bereiz zirela azpimarratu nahian, alferrik, bistan da.

Baionako katedrala, orain ikusgarri dauden orratz neogotikoak baino lehen. Diputazioaren XIX mendeko albuma webean Baionaren irudi eder askoak dituzue.

1563an Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskatu zuten Baionatiko bereizketa. Eta irundarrek zer zioten honetaz guztiaz? Bada, ez dakigu, Irun ez baitzen botere-gune bat, ez zibila, ez eklesiastikoa, ez militarra; gehienez ere “Hondarribiak” erabakitzen zuen, hots, bertako agintari zibil, militar eta erlijiosoek. Nahikoa lan, 1545ean (1551ean berretsita) Irungo parrokia Hondarribikotik askatzeko, eta ez erabat. Udal independenteak bi mende luze itxoin behar izan zuen.

Hori bai, orain honenbesteko lana ematen digu garaipenaren ospakizuna, ermita eraiki eta kabildo sekular eta erlijiosoak haraino esker oneko prozesioan joateko zina, ohorezko eskolta armadun eta guzti, 1588an hasi omen zen, Baionako “frantziar” elizbarrutitik behin betiko bereizita. Halabeharrez? Gaiak azterketa sakonxeagoa merezi duelakoan, oraingoz bere horretan utziko dut, zuek gogoeta egin dezazuen.

Utzi iruzkina