Denak gara faxistak?

– Zu faxista zara!
– Ez, zu zara faxista!

Eta hirugarren batek, bakea ezarri nahian edo: “denak gara faxistak”. Bernardo Atxagak kontatu zuen, Alardearena baino urte batzuk lehenago, oker ez banago Koldo Mitxelena Kulturuneko hitzaldi batean. Haren gogoetak nireak baino mamitsuagoak ziren; baina ni, neurera.

Izan ere, badakit hautsak harrotuko dituela Alardearena faxismoa dela baieztatzeak. Eta faxistak gu garela erantzungo didanik egongo da, dagoeneko esana digute batek baino gehiagok, behin baino gehiagotan. Zergatik izango dut nik arrazoia eta ez haiek? Kontuak luze joko duenez, dosi txikietan azalduko dut neure argudioa, eta ahal dela adibide zehatzetatik abiatuta.

Euskal Herrian, eta segur aski Erdal Herrietan, faxista sasikumearen sinonimotzat jotzea arrunt hedatua dago. Eta ez, ez dira gauza bera. Nik ez dut faxismo hitza erabiliko deskalifikatzeko, kalifikatzeko baizik. Zuek ados egon ez egon, hori besterik da.

Faxista eta faxismoa ez dira gauza bera, eta pertsonak faxista hutsak izan daitezke, edo, maizago, jarrera bat edo beste faxista ager dezakete. Faxismoa totalitarista bada, nekez dei daiteke faxista jende asko; baina norbait faxista deitzeko bere bizimoduaren eta pentsamoldearen arlo guzti-guztietan faxismoz jokatzen duela frogatu behar bada, gerta liteke inor faxista ez izatea. Agian problema hori da, ez garela gauza, edo ez dugula nahi, inor faxista deitu, eta gure bizilaguna, adiskidea edo senidea denean, hain gutxi. Tira, batzuk badira, baina faxistak gizonezko artaburu bortitz ahobero espainol edo frantses taldetxo zenbait baizik ez direla pentsatzen badugu, gero harritu plantak egingo ditugu, egiten hasi gara, faxismoak hauteskundeetan arrakasta lortzen duenean. Begira Kataluniako Aliança Catalana independentista. Edo begira “Herriaren Alardea”. 2024an berriro zabaldu da aspaldi honetan apenas entzuten genuena, “herriaren nahia” delakoa. Baten batek erantzun du sare sozialetan nahiak pertsonenak direla, ez herrienak. Baina entzungor egitea izaten da erantzuna.

Eta alkateak normalizatu du argudio berez faxista hori, eta instituzionalizatu San Martzial mendian (ikus aurreko sarrera). Iaz mutiko larderiatsu batzuek neska berdinzaleak jazarri zituztenean “Cara al sol” txibilituz entzun eta sare sozialetan eskandalua hedatu zen. Benetan? “Cara al sol” izan beharrean “Eusko Gudariak” izan balitz konstituzionalista delakoek salatuko zuketen euskal faxismoa? Lehenago ez bazuten deus larririk detektatu alardeetan, agian problema beste bat izango zen. Eta “Txoria txori” jo balu mutiko hark, zer? Holako sinpleak al gara, axalari erreparatzen al diogu, eta ez mamiari? Ostiarik ez dagoelako jada ez da deus ere pasatzen eta legea eta demokrazia nagusi, alkateak esandakoari men?

Beharbada hasi behar genuke erabiltzen bestelako terminologia, errealitatea hobeki ulertu nahian betiere. Agian esamolde berriak sortu beharko genituzke; hala nola, “tokian tokiko faxismoa”, edo “genero-faxismoa”, edo mikrofaxismoa (mikromatxismoa erabiltzen dugun bezala).

Badakit gaia ez dela erraz ebaztekoa; baina gauza bat argi daukat: faxismoa, gehiengoontzako hitzaren horrore estetikotik harago, ez da errealitate urrun bat, gure inguruan xehetasun ustez hutsaletan sakon txertatzen ari den fenomenoa baizik.

Utzi iruzkina