Herenegun, San Martzial egunean bertan, Alardean, lagun batek bota zidan blogaren maila “jasoegia” zela. Alarde berean beste lagun bat pozik agurtu nuen, aspaldiko urteetan etorri gabea. Lagun horrek –ez dut izenik esango, bekatari ez bada ere– maila handi samarreko kargua zuen Irungo Alderdi Sozialistan hau guztia hasi zenean, harik eta berdintasunaren alde egin zuen arte. Asto beltzarenak eta bi pairatu behar izan zituen sozialistek teorian defendatzen zutena defendatzeagatik.
Tira, horiek, beste baterako. 2003an, Santano alkate berri zela, bilera bat eskatu genion berdinzaleok, eta besteak beste sozialista hori ere joan zen. Alkateak perla asko bota zituen, blog honetan okerrik ez bada aterako direnak. Bileraren emaitza dezepzioa izan zen, kasurik onenean, eta sozialista zaharrak honela burutu zuen: “José Antonio, no estás a la altura de las circunstancias”. Santano pipertu omen zitzaion.
Tira, nik botako niokeen “no vales ni la mierda que cagas”. Holaxekoak gara zubietar jatorriko kaseroburrook. Ez esan niri, gero, maila jasoa dudanik!
Baina, Jabierrinaziyo, non duk errespetua? Errespetuarenak beste sarrera bat merezi du, edo gehiago.
Laster arte, bada.