– A ese ya lo habrán calentado bien, ¿no?
– Baina, ixeba! Nola esaten dezu hori??!!
– Ez dut deus esan, ez dut deus esan.
Ongi berotu beharreko “ese” hori ni nintzen, duela 25 bat urte luze, eta beroketa on baten beharraren arrazoia, nola ez, nire jarrera Alardean. Bekatua bai baina bekataria ez dizuet salatuko. Bai esango dizuet, auzokoa izaki, andre hark jaiotzetik ezagutzen ninduela eta, Alardearena piztu arte, hark nire gurasoekin harreman ona zuela, eta nik haren seme-alabekin. Hortaz, gorroto pertsonalik gabe, nola pentsa daiteke desadostasun soziopolitikoak halako zigorra merezi duela?
Emakumeen kontrako indarkeria kolektiboa izan beharrean beste jatorri etniko edo bestelako hautu politikoaren kontrakoa izan balitz Alardearena, duda egingo al genuke jarrera faxistatzat hartzeko? Baina faxista esan orduko gizonezko bortitz harroputz astazakila imajinatzen dugu, ez auzoko emakume adintsu euskaldun gainerakoan adeitsua.
Zer egin halakoetan, hortzak erakutsi? Gogor erantzun, atsoa itsuski nabarmen utzi jendaurrean? Nik, orain arte, ez entzuna egin diot. Besteak beste, ederki dakidalako, jakin, halako basakerien “erruduna” ardura politiko eta soziala duten gizonezkoak direla.
Ez nau jipoi baten arriskuak beldurtzen; bai, ordea, pentsamolde faxistaren hedapenak, eta 2024an lehen baino gehiago:
- “bestearekiko” indarkeria naturaltasunez eta eufemismoz onartzea (berotu, jipoituren ordez),
- “Herria” pertsonen gainetik lehenestea (Alarde del Pueblo),
- irrazionalitatea (“herri baten sentimendua”) argudioen gainetik hobestea (“es que si aplicas la lógica, siempre vas a tener razón” bestela barregarri zatekeen erantzuna, adibidez)
Zuek, zer deritzozue? Alardearena “ez da hori, beste zerbait da” argudiatuko duzue beste behin? Dagoeneko jipoirik ez dagoelako arazoari itzurtzen jarraitu? Behingoz gaiari heldu?