Bilbao Bidasoaldean

Irakurri duzue Etxahun Galparsororen “Bilbao en Mauthausen”? Biziki gomendatzen dizuet. Post hau idazteko tenorean ez dut berrirakurri, orduan utzitako inpresiotik abiatu nahi eta. Beraz, kontatuko dudana agian ez zaio erabat lotzen hark kontatzen duenari, baina orduan sortutako inpresioa helarazi nahi dizuet nik. Liburu osoa da guztiz lazgarria, imajinatzen ahal duzuenez. Bilbao ez da hiria, protagonistaren deitura baizik, bertan preso egondakoaren ahozko testimonioak jasota idatzi baitu Galparsorok.

Bada, agian deigarria zaizue, baina ikaragarrikerien zerrenda luze eta izugarriaren artean, niri buruan iltzatuen geratu zaidana hauxe da, printzipioz goxotasun pixka bat eman beharko zukeen anekdota bakarra: Bilbao, behin, herrira bidali zuten, han bizi zen amona batenera, etxean konponketaren bat egitera. Harrobiko lanen aldean, jaiegun moduko bat,lanarengatik ez ezik hango amonak amultsuki emandako tratuarengatik ere: mokaduren bat hartzera gonbidatu eta solas egin zuten, Bilbaok aleman pixarra ikasia baitzuen… Eta orduan Gernika aipatu eta amonatxoak asto beltzarenak eta bi esan komunisten kontra, guztiz sinetsita baitzegoen haiek erre zutela, ezin sinetsirik aleman hegazkinek bonbardatua zela.

Eta honek guztiak zer ikusi behar du Alardearekin? Amona xarmantak ere faxistak (kasu honetan naziak) izan daitezke. Hamaika arrazoi historiko eman nezake orduko Austrian edo XXI.eko Euskal Herrian (ipar nahiz hego) zergatik gertatzen den azaltzeko. Baina hori orain ez da kontua, kontua da faxista esan, edo nazi, eta ez ditugula pertsona maitagarriak irudikatzen. Erraz imajinatzen ditugu “Eraztunen Jauna” trilogiako orkoen gisara, munstrozko izaki maskulinoak, aipatu orduko izua hedatzen zutenak, eta, indibidualtasunik ez dutenez, eliminatzea guztiz zilegi begitantzen zaigun multzoa.

Mauthausenen zebiltzan naziak haiekin alderatzea ere zilegi da. Eta “Betiko Alardekoekin”? Alde ederra, ezta? Momenturik bortitzenetan ere ez dira iritsi orkoen orporaino iritsi. Baina hori beste baterako utziko dut. Orain amonen totalitarismorako joaeraz ari naiz. Bai, badakit nolako historia izan duten inperiotik errepublikarako Austrian zein frankismopean hazitakoek. Badakit haiek gehiago izan direla beren historiaren lekuko edota biktima, protagonista baino. Baina jakin ere badakit haien jokabideak eta pentsamoldeak besterik gabe errugabetzea haien infantilizazio moduko bat ere badela, eta ez dut uste horrek mesede egiten dienik.

Eta, gainera, horrek ez dio erantzuten benetako galderari: faxista izateari utz dakioke? Izan ere, emakumea, eta faxista, ez da jaiotzen, egiten baizik. Beraz, deseraikitzea-desikastea aukera bat da. Hori, eta amona maitagarrien gaia bazter utzi gabe, datorren postean.

Baduzue gogoetarako bazka.

Utzi iruzkina