Autoetnografia Bidaerrekatik

Autoetnografia

Irakurri duzue Mari Luz Estebanen “Andrezaharraren manifestua”? Egizue, eta, bide batez, Estebanen beste liburuak ere bai. Bikaina idazkeran, bikaina mamian. Aipatu dudan liburuaren kasuan, irratian entzun nionean gogora etorri zitzaizkidan haurtzaroko andreak, Irungo Ibarla auzokoak… Liburua irakurrita, geografikoki urrunxeago bazeuden ere, kronologikoki eta etnikoki (sozioekonomikokulturalki) oso hurbil sentitu nituen emakume haiek. Gerora entzun nuen Estebanen lana autoetnografiatzat har litekeela. Eta bai.

Twitter-en, Olentzeroren bertsioak direla eta ez direla, gure haurtzaroko bertsio aurrrekanonikoa argitaratu nuen, eta Oier Araolazak halakoak idatzi behar nituela esan zidan; hau da, txio soiletik harago, edo euskarri sendoagoan, argitaratu behar nituela.

Zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta nabariago ikusten nuen haurtzaroko –edo geroagoko- esperientzia etnografikotik ekarpena egin nezakeela Alardearena ulertarazteko, historiatik baino areago. Gainera, autoetnografiaren hobenean datza bertutea: sasi-neutraltasun edo sasi-objektibotasunik gabe, argi eta garbi geratzen da bertsio bat dela, baina lekuko baten bertsioa dela. Ala benetan uste duzue etnografian norbaitek erabakitzen duenean artzain edo arrantzale bati galdetzea, eta ez haren ama edo andreari, ez dela emaitza baldintzatzen ari? Ikusten? Zuek ere tranpan erori eta euskal etnografian emakumezko artzain edo arrantzaleak ez zaizkizue burura etorri. Beharbada, euskal etnografiak oso gutxitan erreparatu dielako.

Ba, nigandik, neuretik edo nire pertzepziotik abiatuta, ekarpenak egin ditzakedalakoan nago.

Gaurkoa, anekdota hutsa, baina esanguratsua: duela 40 urte baino gehiago, ekainaren 30 batean (amoñak garagartzero esaten zuen, baina aitan junio, beraz, erdibide batua), ama, anaia eta hirurok jaitsi ginen Alardea ikustera. Amoña eta aita etxean geratu zien, behia umea egiteko zegoelako (aitarentzat Alardea ez zen hil ala biziko kontua, orduko gizon gehienentzat bezala, bidenabar esanda). Alardea bukatuta, aita gure bila jaitsi zen, eta amari esan behiak bizkiak egin zituela. Amak sinetsi ez, jakina, aita ezagututa. Baina bai: gure etxean Samartzial egun batean behiak bi ume egin zituen! Ez etorri niri “ai, eske sentimendu bat da, jaiotzetik bizitu duguna, eske berezi-berezia da, eske ezin da azaldu ere egin…”. Zuen etxean behiak bizkiak egin ditu Samartzial egun batean? Ez, ezta? Eta berdintasunaren alde nago. Ba, emakumeak baztertzen badituzue, ez egotzi errua mundu likido honetan haurtzaroko ametsezko mundu idilikoan kosta ahala kosta iltzatu nahiari, den mendreneko aldaketarik ere ezin onetsirik, gainerakoan, nola ez!, feministak zareten arren. Ez, haurtzaroa ez da gure gaurko filien eta fobien erruduna, benetako aberria haurtzaroa izanagatik ere.

Eta bestela, galdetu Mari Luz Estebani.

Utzi iruzkina