ALDEAK ALDE, BERDIN

Ez nuen programatua gai hau orain publikatzea; baina errealitateak aurre hartu dit. Samartzialen tregua errespetatuta, banator Mikel Iturgaitzek jasandako erasoa salatzera. Izan ere, Irunen eta Hondarribian berdintasunaren aldekook asko dakigu pairatutako erasoez geure jardunean ari garelarik (alardeetan, entseguetan, adierazpenetan, bileretan…), eta ez hain aspaldi edonoiz eta edonon. Erasotzaileak anonimatuan ezkutatutako “herritarrak” izan dira maiz, “kanpotik” begira genituenak: irainak, mehatxuak, hainbat jaurtigailu… Bazenekiten izotz-kozkorrek harrien kalte bera dutela eta gainera arrastorik utzi gabe? Guk duela 25 urte ikasi genuen. Enfin, eta abar, eta abar.

Euskal Herria badakizue nolakoa den, eta berehala harrotu dira hautsak, eta batez ere berehala hasi gara zeinek zer nolako elkartasuna adierazi duen, eta zeinek ez duen egin egoeraren larriak merezi lukeen bezain gogor… Ni ez naiz horretan sartuko, nahiz eta kontu interesgarria izan, oso.

Gauza bakarra esango dut: ikaragarri gaizki iruditzen zaidala Mikel Iturgaitzi gertatutakoa:

  • Gaizki iruditzen zaidalako, oro har
  • Norbaiti senideen bidez eraso egitea are nazkagarriagoa delako
  • Aitari, eta haren alderdiari, batere sinpatiari ez diodalako: ona litzateke, gero, gaizki ez iruditzea “gure aldekoei” gertatzen zaienean! Baina Euskal Herrian ohiko jarrera (izan) da

Kasu zehatz honetan, eraso egiteko terminologiak antz handi-handia duelako Bidasoaldean pairatu dugunarenarekin: PUTAS EMAKUNDES, OS VAMOS A PEGAR FUEGO, AQUÍ NO NOS TOCA LOS GUEBOS (sic) NI DIOS. Urtetan Udaletxe ondoan egondako pintada, denboraren poderioz ezabatua, ez esku baten erabakiz.

Egoerak hain diferenteak izanda, futbola eta alardeak, eraso egiteko moldeak hain berdinak direnean, argi eta garbi geratzen da, behar luke, fokua ez dela piztu behar biktimengan, erasotzaileengan baizik: erasotzaile fisiko zein intelektualengan.

Bloga biziberritua dudanez, sarrera zaharrak galdu ditut. Haietako batean, 2015eko apirilean  parez pare jartzen nituen Espainiako Inkisizioa, Estatu Islamiarra eta Txinako Iraultza Kulturala.

Ezin denboran eta espazioan urrunago, eta hala ere hiruretan kastigo batzuk oso antzekoak ziren, publikoaren aurreko umilazioa bilatzea baitzen helburu nagusia, “besteari” gizatasuna ez ezik herritartasuna ere ukatuz, harrez geroztik komunitatearen kide izan ez zedin, ez behintzat berdintasunez. Carlos eta Mikel Iturgaitz bene-benetan bizirik erre nahi dituze? Ala erabateko mespretxua “baizik” ez diete adierazi nahi izan? Putas emakundesoi gauza asko egin digute, eta onik gutxi; baina su eman, ez digute inoiz surik eman. Bistan da espazio publikotik egotzi nahi gaituztela, “besterik ez”. Gernikan nahiz Bidasoan, pentsamolde berbera da nagusi erasoetan.

Kasu bietan izandako erreakzio politiko, mediatiko eta instituzional arras desberdinek beste gogoeta bat merezi dute. Hurrengoetarako utziko.

Utzi iruzkina