Alardearen gatazka konpontzeko hondar-alea jarri nahi izan du blog honek urtebetez. Hartara, abagune egokia begitandu zitzaidan jaiaren jatorriaren –ezen ez zergatiaren– 500. urtebetetzea –edo aitzakia, zergatik ez aitortu–. Ez al gara senide eta lagunekin biltzen urtebetetzeetan, bestetarako ez bada ere bizirik jarraitzen dugula ospatzeko? Gainera, iaz, urtebeteko egonaldiak zer pentsa eman behar ligukeela pentsatzekoa zen. Tira, horretan ere usteak ustel; baina, gure amoña zenak esaten zuen bezala, “seiatun faltan benpiñen ez zen izanen”.
Eta saiatu naiz. Eta ez dut gauza handirik lortu (zuei ezin dizuet gezurrik esan), erakundeen aldetik batik bat, lehengo lepotik burua jarraitzen baitute: alkatetzaren beligerantzia berdintasun-keinu ororen kontra; udaleko beste alderdien epelkeria eta gaiari benetan oratzeko ausardia edo iaiotasun eza; Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ezinbestekoa, eta arras eskertzekoa… baina ene aburuz diskretuegia, berdintasunaren alde egiteaz lotsatuko balira bezala, inor ez mintzeko ahalegin hinki-hankatsuan…
Eta herritarrengandik? Ba, deus gutxi hurbilekoengandik… eta sekulako ezuste atseginak “besteengandik”. Ez dut izenik aipatuko, goizegi da eta agian kalte egingo nioke on egin beharrean; baina hau guztia hasi zenean esan baligute bostekoa emango geniokeela elkarri, ez dakit biotatik zein eskandalizatuko zatekeen gehien!
Duela urtebete xedea garbi nuen: astero idaztea, eta baikortasunez egitea. Hori ene izaera suminkorraren kontra aritzea zen. Sarritan kostatu zaidan arren, lortu dudala uste dut. Horretarako, barrenak agintzen zidana behin baino gehiagotan isilarazi dut.
Hilabete falta da San Martzial egunerako, azken txanpan sartzearekin bat nekez eutsiko nioke blog batean idazteko behar den distantziari. Ez nekien nola eman bukaera, eta hara! Gazte batek lagunduko nau, eta txanda-pasa egiten diot:
Ilargi Bengoetxea Gartziak berrikitan tesia aurkeztu du: “Irun eta Hondarribiko Alardeak eta genero ordena: Ikuspegi historiko bat. 1993-2008”.
Nik askotan historiaz jardun izan dut Alardeari buruz, hain zuzen garrantzitsuena historia ez baina historiaz gaur egungo jendeak duen pertzepzioa dela defendatzeko. Erdarari kontzesio egin diodan bakanetan, historia erabili dut gu ez garela duela 500 urtekoak adierazteko. Eta Alardea ezin dela ezkutu baten modura erabili, hain zuzen ere zerbait aldatu bada Irunen Alardea bera delako, bizirik dagoen seinale.
Bengoetxeak historia garaikidea egin du, ezin garaikideagoa, eta cum laude erdietsi, historia ez delako aspaldiko kontuen kontakizuna: historia oraintxe gertatzen ari da. Eta guk historia egin dugu, eta egiten jarraitu.
Biziki gomendatzen dizuet. Oraindik ez dago paperean, baina hori laster konponduko dela pentsatu nahi nuke. Baduzue, bada, historia eta gaurkotasuna interesatuz gero, blog hau baina gogoetagai hoberik.
Beraz, adiorik ez. Plazera izan da.
Eta San Martzial pasata? Gero gerokoak: lehen hala, orain hola, gero, ez jakin nola. Ongi bizi.
Erantzun bat “Txanda-pasa” bidalketan