Lehen aldiz 2016ko abenduan argitaratua
“Egiak kontatzen dituzten gezurrak” definizioa gogorarazi zidaten lehengo egunean Euskadi Irratiko elkarrizketan (eskerrik asko, Arantxa Arza eta Eusko Ikaskuntzako Aitziber Salinas), Olentzero dela eta ez dela, edo hobeki esanda, zela eta ez zela.
Sare sozialetan bor-bor ari da gaia, gaur egungo Olentzerok “egiatik” zer duen. Nik ez dut esanen zein den “egiazkoa” eta zein “gezurrezkoa”; besteak beste, duela mende bat Olentzero izenaren baitan oso mito desberdinak biltzen zirelako, ordurako batzuk galzorian eta beste batzuk indarrez. Sortu ere sortu da gaia: non du jatorria? Lesakan bizi-bizi mantendu dela, eta hortik “esportatu” zela Iruñera, hori frogatua dago, baina ez jatorria. Nik gehiago esanen nuke: jatorriak.
Baina segi dezagun Lesakan, bertako Olentzerok ere eboluzioa ezagutu duelako. Duela ehun bat urte panpina karriketan barna paseatu eta su emanda bukatzen zuten. Gerora, erretzeari utzi zioten, bukaera desegokitzat jotzen hasita. Olentzero solstizioko suaren pertsonifikaziotzat baldin bada (ikazkilea, egur- edo ote-eramailea, aurpegia belztua, tximiniatik jaitsia…), erretzeak bazuen zentzu osoa; gerora, pertsonaia “bizirik” eta bestelako ezaugarriez hornituta, erreketak nolabait bortitz ematen zuen. Antzeko zerbait gertatzen ari da “kaka egin dezan” makilakadaka jotzen den (eta aspaldi erretzen ez den) Katalunia eta Aragoiko “el tió” edo “la tronca” izeneko mitoarekin.
Lesakara bueltatuz, lastozko panpina herriko plazan erretzeaz gain, bertako bati jasotako testigantzan hala dio Caro Barojak: benedikazioak partituz doa (sic). Sic? Zer esan nahi du horrekin? Hitzez hitz horrela dela, zentzugabea izan arren. Agian, Carok Beran ezagutzen zuen Olentzeroren arabera, desegoki bide zeritzolako bedeinkatzeko ezaugarriari. Erretzea bezala, lekuko zaharrago batek oraindik ezagututako funtzio zahar baten aztarna, ote,? Beharbada, hobeki uler liteke panpina hura suaren antropomorfizaziotzat joz gero. Izan ere, Gabon gaua magikoa izaki, orduan irundako haria eta orduko suan erretako enborraren ilintia, besteak beste, bedeinkatuak ziren. Amoña baztandarrak ez zuen bere herrian Olentzero pertsonaia ezagutu, baina ilinti hura urte osoan gordetzen zuten sukaldeko ate atzean, ekaitza sumatu orduko berriro sutan jarri eta etxea babesteko; beste batzuek berdintsu egiten zuten aziendak gaixotasunetatik libratzeko (gaixotasun asko espiritu gaiztoek eraginda omen ziren eta); toki askotan haren errautsak soroak “ongarritzeko” erabiltzen ziren. Areago, Carok berak, Barandiaran hizpide, gogorarazten digu Olentzerotan Leitzan lastozko panpinak leiho eta balkoietan paratzen zirela, etxea kanpoko erasoetatik babeste aldera. Mitologiaz ari zela, Barandiaranek txorimaloak aipatzen zituen, txoriak ez ezik, sorginak uxatzeko ere balio zutelakoan.

Eta halako panpinak, nola ez, berriro aurkitzen dugu Pirinioetan: Bigorrako Campan bailaran, orain txukun eta dotore, erakargarri turistiko bilakatuta; hain zuzen, funtzioa aldatu dutelako biziraun dute han, eta ez ligukete inondik inora Olentzero gogora ekarriko… ez baldin bageneki duela ehun bat urte gazteek panpina haiek baliatzen zituztela ezkonberriei zoriona (hots: ugaltzeko ahalmena, emankortasuna) opatzeko, betiere behar bezalako benedikazioak jasoz gero.
Interpretazio hau Olentzeroren ezaugarri/jatorriei buruzko proposamen bat baizik ez da. 366 eguneko aurten gogora ekar nezake Olentzeroren beste bertsio bat: urteak zenbat urte hainbat begi zituela… gehi bat.
