Ekainaren 11ko Bidasoa Hitzak elkarrizketa egin dio Margaret Bullen antropologoari, Lidia Montesinosekin batera jaiak eta generoa aztertu du eta. Azterketan Bidasoko Alardeak jorratzen ez badira ere, bistan da saihestezinak direla: egin behar ez denaren eredu dira… gara.
Bullenek, esteka bidaltzearekin batera, komentatu dit kazetariak azpimarratutako esaldia nik esandakoan oinarritua dela: “Elkarbizitza -alegia. elkarbizitza liskartsua- sintoma bat da, daukagun arazoa da larria dena”. Izan ere, aspaldi honetan, baita ustez berdintasunaren alde dauden erakunde zenbaiten aldetik ere, alardeen berdintasun- eza elkarbizitza-arazo batera mugatu nahi dute.
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan “Alardearen seme-akabak” dokumentalaren aurkezpenean nik esan nuena are lotuago zegoen berdintasunaren ukazioarekin: “Alardeena ez da arazoa, sintoma baizik”. Pernandoren egia baino are ebidenteagoa azaleraztea nolabait arrakastatsua izan da gatazkaren zioa laburbiltzeko, sekulako gogoeta egin banu bezala.
Niri, aldiz, aurkezpen hartan Eneko Olasagastik bota zuena askoz ere mamitsuagoa iruditzen zait, Alardeena eta beste hainbat “euskal arazo” argitzeko gakoa: “garena baino hobeak garela pentsatzen dugu”.
Zer gara gu, nor gara gu? Los vascos y las vascas, garena baino hobeak garela pentsatzen duguna: 25 urteren buruan hainbat eta hainbat herritan emakumeek festetan protagonismoa irabazi duten arren, gutxitan lortu dute benetako berdintasuna. Bidasoaldean, aldiz, irabazi duten protagonismoak, oraindik orain, gatazkari atxikita jarraitzen du.