1515ean, Pirinioen magalean Gaskoinia lautada bilakatzen den Garaison izeneko tokian, Anglesa de Sagasan izeneko neskatikoari, artzain eta irule zebilela, Amabirjina agertu zitzaion behin, eta bitan; hirugarrenean, Amabirjina zela sinets ziezaion, miraria gauzatu zuen: gure Anglesaren ogi beltza ogi zuri bihurtu zuen. Eta orain zuek ez esan mespretxuz “a ze miraria!” Ez ezazue barre egin, mendetan eta mendetan ogi zuria miragarria izan da herritar xumeentzat. Gogoratu, bestela, Heidi, Anglesa artzainaren Alpeetako ahuntzain literarioa, aberatsen zerbitzari zegoela ogi kozkorrak Pedroren amonarentzat gordetzen zituena, amona pobre hark ez baitzituen sekula halakorik dastatu. Orain atzendu omen dugu, baina Europan gehienok pobreak izan gara oraintsu arte.
Bai, baina… honek zer ikusi behar du Eguberriarekin? Ba, gau magikoaren indarrak etxekotzeko erritu galduen artean, mantelaren azpian ogi puska bat gordetzen zen, urte osoan “amaundu” (hala zioen amoñak: amaraundu; hots, urdindu, zaharmindu, lizundu) gabe irauten zuenez gaixotasunak, ekaitzak, zakurren amorrua eta beste zernahi gaitz saihestearren. Ez zen Jainkoaren Gorputza Ogi bihurtuta; ez zen elizara bedeinkatzera eramaten. Ez, ogi arrunta zen, etxekoa, gau hartantxe irun haria edo erre egurra bezala urte osoko aseguru moduko bat eskaintzen zuena. Ogi arrunta ere ez baitzen ahuntzaren gauerdiko eztula. Euskaraz ez dugu esateagatik esaten ogibide.
Gaur egun gutxi ematen du; baina horixe opa dizuet: urte osoan izan dezazuela ogi puska bat bederen.
Eta Gaskoinian gaudelarik…


Ze istorio ederra, Xabier, eta ze ondo kontatua! Eskertzen dizut oparia!
Xabier, mundiala zara!
Horrenbeste gabon-txartel jasotzen dugun honetan, zurea gabon-ipuin izan da (a christmas carol), gogoratzeko modukoa gainera, bene-benetan.
Mila eta bat zorion, zuretzat eta etxeko guztientzat, zure lagun arabartuaren partez.
Xabier ze zabaltasun ta jakinduri dezun! Zenbat ikasteko eta eskertzeko daukaun! Familian ,gauon gauean irakurriko diet zure mezu hau, bokazioz beteta! Eskerrik goxonak Amezketatik !! Eun paketsuak bixi zuk ere!!
Mila esker Xabier, kontalari ederra zara zu eta kontatzeko zer istorio bitxiak topatzen dituzun. Merry Christmas and magical bread for everyone!
Mila esker Xabier.
Egia esan, ez diot askoz gehiagorik eskatzen 2025ari; urte osorako ogia badut, gaizki ez nabilenaren seinale.
Mila esker, Xabier.
Oso istorio polita eta interesagarria. Ondo amaitu 2024a eta hobeto hasi 2025a.