Sed lex?

Dura lex sed lex. Ez da halabeharrez legea inposatu zutenen hizkuntzan. Baina ontzat eman dezagun, gustatu edo ez, legea betetzea dela demokraziaren oinarria. Izan ere, zertarako da legea, ez badu betetzea helburu? Bada, berdintasunaren aldekoa bada, nik argi daukat: itxurak egiteko; areago, arlo batzuetan berdintasuna bera oztopatzeko, hain zuzen ere legearen existentziak berak “neutralizatzen” duelako berdintasunaren aldeko zenbait ekimen. Bai, beste behin ere, Alardeaz ari naiz.

Bilboko jardunaldi batean beste ponente bat pipertu zitzaidan goian esandakoaren adibide bat jarri nuelako. Egia da nik euskaraz egin nuela eta hark itzulitakoaren arabera erantzun zidala, eta ezin jakin ongi ulertu zidan, berak errealitatea aldatzeko oinarri ezinbestekotzat zuelako legea, agian nahikoa ez baina bai conditio sine qua non. Arrazoia emanen niokeen berdintasun instituzionalean diharduen gizonezko batek beste jardunaldi batean bota ez balu 2005eko legeari esker, besteak beste, Alardeetan jada bazterkeriarik ez zegoela. Enfin, Behe Bidasoa Euskal Herriaren erdialde geografikoan egonda, EAEn urruneneko bazterretik ere 150 km ez direla, urte pila pasa diren arren, berdintasun instituzionalaren profesional batzuei, antza, ez zaie burutik ere pasa ekainaren 30ean edota irailaren 8an bertatik bertara ezagutzea zer nola gertatzen ari den, eta interesatuei galdetzea, hain gutxi. Errealitateak ez diezazula hona legearekiko fede itsua. 

Nik, aldiz, legearekiko fedea (eskasa, aitortuko dizuet) galdu nuen onetsi zen egun berean. Orduan Miren Azkarate zen Jaurlaritzaren bozeramaile, eta kazetari batek galdetu zion ea lege berriaren 25. artikuluaz ondorioztatu behar ote zen “Alarde Tradizionalak” (ekimen pribatuak antolatuagatik espazio publikoa okupatzen duten jardunak direnez gero) debekatuko zirela. Badakizue rodeoetan zezenaren gainean 8 segundo irautea nola den eternitatea? Ba, Azkarate gaixoaren isiltasuna are luzeago egin zitzaidan, eta berari ere bai, lepo eginen nuke. “Ez duzu erantzun behar”? Eta beste segundo eterno batzuk, harik eta beste kazetari batek beste galdera bat egin eta berehala erantzun zion arte. “Gureak egin du”, neure kautan. Eta halaxe izan zen.

Gogoratzen duzue legeak aurreikusten zuela Berdintasunaren Defendatzailearen figura,? Arartekoak ez bezala, aholkuak ez baina bete beharreko aginduak ematen ahal zituen. Maite Erro lesakarra izan zen Espainian “aitzindari” zen kargu hau betetzen lehena, zuzenean el lehendakari de los vascos y de las vascasek izendatua: ez dakienak jakin dezala Lesaka Bidasoaldeko herri bat dela, Irungo mugakidea. Beraz, Alardearena ezagutu behar. Ez genuen susmo onik, halere: hilabete asko behar izan ziren hitzordu bat lortzeko, eta honela kalifikatu zuen Alardearena, Hondarribian bizi zen –eta betikoa zen- anaiak esana ziolako: “que el tema se había salido de madre”. Indarkeriaz ari al zen? boikotez, ostrazismoaz, alkate Borja Jauregi zenaren “el sentimiento de un Pueblo está por encima del Derecho Positivo” bezalako esamoldeez? Ez, Irungo alkate Santanori jarraikiz, “ceded y el Pueblo será generoso con vosotras” izan zen haren mezua.   

Miraririk espero ez, eta ez genion eskatu jai pribatu baztertzaileak debeka zitzala, 25. artikulu ditxosozkoa betearazteko. Gauza askoz xumeagoa eskatu genion: udal programa kudeatzen zuen Donostiako enpresa bati eska ziezaiola gure publizitatea onartzeko, galarazia zigun eta. Erantzuna: ezetz, udal programa zenez berak ez zuela esku hartzerik, eta Arartekoari galdetzeko. Eta guk ezetz: guri enpresak galarazi zigula, eta guri erantzuten ez zigunez berari idatzita jakinarazi beharko ziotela denok genekiena, alkatearen eskua zegoela atzean, eta gero gerokoak, Arartekoak ezin zuelako jokatu enpresa pribatu baten aurka, eta Udala agerrarazi behar zela azpijoko hartan.

Latinezko esamolde batekin hasi eta latinetik datorren –eta legea inposatzen duen- beste hizkuntza batean bukatu beharko: hecha la ley, hecha la trampa. Hori bai, gero Errok balkoira etorri nahi zuen ekainaren 30ean, argazkira.

Segi zuek galdetzen nola den posible Alardeena konpondu gabe egotea, edo pentsatzen tokiko problema dela.

Utzi iruzkina