Jakingo duzue Irungo Alarde Parekidearen Juntak ofizialki eskatu diola alkateari Udalak berriro antola dezala Alardea, nahitaez baztertzailea izan behar ez lukeena, legeak eta epaiak beteko balitu. Erantzunaren zain (ezustekorik ez dut espero, ez dizuet gezurrik esango), historia pixka bat errepasatuko dut. Ez Historia, borroka, foruak, Limogeseko apezpiku santutuari gure arbasoen zina (gure arbasoak? Gaur egungo zenbat irundarrenak?), eta abar. Esana dut folklorean ez direla nahasi behar jatorria eta zergatia. Dena den, gogoratuko dizuet pribatizazioa baino lehen Alardea, jai giroko prozesio zibiko-erlijiosoaren -eta gero soilik zibikoaren- su hutsezko eskolta boluntarioa izan, foru garaiko agerraldi militar derrigorrezkoa izan, historikoki Udalak antolatua izan dela; areago, Irun udal osoa izan aurretik ere, kontzejuak antolatzen zuela, hain zuzen Hondarribiko agintariei agirika egiteko.
Gaurko historia, bada, XXI. mendekoa da, Santanok alkatetza eskuratu eta politikari (itxuraz) iaioago eta gazteago batekin berdintasunak aukera bat izango zuelakoan. “Otros vendrán que Buen te haran” esan zigun mugimenduaren kide batek, Buen Lacambra eta Santano alkateak ezagututa erdal esamoldea egokituta. Eta arrazoi zuen.
2004ko martxoaren 31an Udal Alardea antolatzeko eskatu genion (hiru hilabete lehenago hasi ohi antolatzen garai “normaletan”), eta gure laguntza eskaini; areago, antolatzeko prest ez bazegoen, guk egin berdin-berdin egingo genuela eta udal materialak gure esku uzteko eskatu genion (materialenak beste sarrera bat merezi luke, oraingoz bego, baina gogorazten dizuet 1998an berritu behar zirela “betikoek” berenganatuak itzuli ez zituztelako). Hilabete eta erdi, eta erantzunik ez, eta maiatzaren 17an eskabidea berretsi. Eta ekainaren 15ean erantzuna: Alardea Udalak antolatzeaz aipurik ez, ezta ezetz esateko ere, eta guk antolatzekoa “beste ekitaldi” baten menean jarri zuen, eta baimen guztiak (zaldien eta sutautsen erabilera, aseguruak…) aurkezteko hiru eguneko epea eman zigun. Xehetasunak nahi izanez gero, mezuen trukaketetan aspertu gabe, irakur dezakezue gure azken erantzuna, laburpen modura.
Soilik aurreratzen dizuet “betikoek” maiatzaren 7an eskatu eta berehala jaso zutela baiezkoa. Deus harritzekorik ez; baina bai deigarria “Herriaren Alardea” izeneko ekitaldi pribatuaren aldeko jarduna isilean eraman zuela alkateak, eta gure aldarrikapena ezkutatu. Horrela ulertzen dira kazetariei egindako adierazpenak, gerora herrialdeko komunikabide nagusi eta bistan da erdaldunari bidali eta argitaratu ez ziguten erantzunean irakur dezakezuenez.
Urteotan zerbait ikasi dugu, eta ofizialki ez ezik publikoki ere egin da eskabidea. Egia esan, dagoeneko ez du Santanok inor engainatzen. Benetako diferentzia da orain gobernukideek ere publikoki eskatu diotela gauza bera, aurrekontuak onesten dizkion beste alderdiaren babesaz. Ausartuko al da ezetz esatera, edo isilik jarraitzera, gainerakoan oposizio dituen alderdien laguntzaz? Horrek ere ez ninduke harrituko. Niretzat benetako galdera da: zer egingo du Elkarrekin-Podemosek parte hartzen duen udal gobernuaren buruak uko egiten dionean giza eskubideen oinarri den berdintasunari? Berdin-berdin jarraituko du halako gobernu-taldean, deus gertatu ez balitz bezala?
Ez ote dien haiei ere egingo lehenik PP eta EAJkoei egindako gauza bera: ofenditua bera delakoan haiengan konfiantza galdu duela-eta, agintetik haizatu. Azken finean, 2022ko aurrekontua prorrogatu eta agintaldia, beste behin ere, bera jaun eta jabe dela bukatu. Hori bai, malgrè tout, bukatu nahi dut “Por alusiones” agirian duela 18 urte esandakoarekin: denok huts egiten dugu eta alkatea ere okerretatik ikasteko prest dagoela sinetsi nahi dugu; hala bada, alde izango gaitu.