Mitoak solasbide … eta jolasbide


Ondarearen balioa agerrarazteko moduak asko eta asko dira. Txingudiko badiarena (blog honetako 2. sarrera) bat zen: instituzionala, bertakoentzat ibilbide hutsari bestelako balioak eransteaz gain turismoari beste erakargarri bat, kasu honetan kultura, gehituta. Kultur hutsa ba ote dago, bada? Kultur turismoa esamoldean zein hitzek duen indar gehiago korapilo askoko soka luzea da. Bego, oraingoz. Baina hona hemen ekarpen txiki bat, berriro ere mitologiatik abiatuta.

Alde ludikotik, euskal mitologiaren erabilera erruz ugaldu da aspaldi honetan. Batzuetan helburua ez dago oso garbi, ez eta ondarearen erabilera bera ere. Horra hor Gipuzkoa Donostia Kutxak duela urte batzuk ateratako karta-jokoa, euskal mitologiaren pertsonaien irudiak joko-arauen beharretara makurtuta aurkezten zituena, inolako testuingururik gabe. Ataungo Barandiaran Museoan, hain zuzen irizpide zientifikoak darabiltzala argi eta garbi uzteko, berariaz egin zitzaion uko pertsonaia mitikoen irudikapenari. Diskurtso atsegina, ulerterraza… bai, baina ez ludikoa, museo bat delako. Beste kontu bat da aktibitateak programatzerakoan alderdi ludikoa aintzat hartzea (edo mito zaharren nolako iruditeria berriak sortu diren alderdi artistikotik… benetako gai mamitsua, gure arbasoez baino gutaz dezente irakatsiko ligukeena); baina ez museoaren ildo diskurtsiboa.

Batzuetan helburua ekonomikoa zeharo nagusitzen da: ondarea oinarri hartuta, aisialdirako produktuak merkaturatzen dira, artea dela, historia dela… eta euskal kasuan, baita mitologia dela ere. Mungiako proposamena, Olentzero oinarri, horietako bat da. Galdera berehala dator gogora: noraino izan behar da zorrotza eta noraino librea mitoak aurkezteko tenorean? Ez da erantzun erraza; segur aski, ez da erantzun bakarra.

Hona hemen, difusioaren alorra luze-zabal jorratuta, Banaka multimedia SL enpresak (eskerrik asko irudiengatik) plazaratutako bi ale, goian esandakoaren adibide: Basajaun eta Tartalo pertsonaia mitikoetan oinarritutako galderen bidezko jokoak, gaztetxoak euskal mitologian eta oro har euskal kulturan, eta bide batez balio ekologiko eta osasuntsuetan, murgiltzen dituena, betiere (eta hori ezin beti esan, beste kasuetan) kalitate zientifikoari uko egin gabe.
Jokoa ez da errenta, baina mitologian oinarritutako jokoak errentagarriak izan daitezke. Mitologian oinarritutako bestelako proposamen turistikoak ere bai?

Dejar una respuesta