EZ, EZ GARA NEUTRALAK (II)

Zertarako historia? Irundarron alde

Ez, ez naiz neutrala, blog eraberritu honen aurkezpenean -aurreko sarreran- esan bezala. Esan ere esan nuen iaz bi manifestu edo denadelako iritsi zitzaizkidala, historialari-talde banak sinatuta, nire atxikimendua-edo bilatu nahian. Biak hirugarren baten bidez jaso nituen, whatsapp taldeetatik erauzita, biak erdaraz eta, nik dakidala, euskarazko bertsiorik gabe. Baziren bietan historialari gisa errespetua merezi didaten profesionalen sinadurak (badakizue jende askok baduela bere burua historialaritzat, hartarako formaziorik gabe ere). 1522ko ekainaren 30eko borrokaren bosgarren mendeurrenaren gaiari heltzeko modu “kontrajarriak» izanik, batak eragin zuen bestearen erantzuna. Aipamenik ez berdintasunari, euskal/espainiar gatazkari bazik. Horrelaxe jarraitzen dugu XXI. mendean, historiografia emakumeen ikusgaitasunean askotxo aurreratu dela dirudien arren.

Tira, ez da hori deigarri zaidana, beste zerbait baizik: kontuan hartuta euskal historialarien mundua txikitxoa dela, eta nazio-nortasuna dela batzuk eta bestetzuk bereizten dituen ardatza (aurrerakoi/atzerakoi ardatz ustez nagusiaren gainetik), adierazpen biek hauts gehiago harrotuko zutelakoan nengoen. Egia da ez alde batekoak ez bestekoak ez direla askorik ahalegindu proselitismoa egiten. Saia zaitezte sarean bilatzen, ea zer aurkitzen duzuen. Beraiek ez badute agerrarazteko interes handirik, nik ere ez ditut hauspotuko. Biekiko nire desadostasuna argudiatzera mugatuko naiz. Lehen taldea eskandalizaturik agertu zaigu, “batzuek” historia-liburu baten entrega zeremoniatsua egin diotela-eta, nori? eta espainiar armadari, Loiolako kuartelean. Nik, “Bi urte, lau hilabete eta egun bat” dokumentalaren sponsor intsumiso «nostalgiko» honek, ez dut arrunt estimatzen armadarik, eta espainiarra hain gutxi.

Alabaina, hori ez da kontua, ezin da kontua izan: kontua da, historiari baino erreparatzen ez badiogu, liburua nori erregalatzen zaion ez dela irizpide bat haren balio historikoa (metodoa, iturri dokumentalak, datuen eta interpretazioen arteko bereizketa…) kuestionatzeko. Niri, hain zuzen, delako liburuak oso ekarpen interesgarria egiten duela iruditzen zait. Haren iruzkinak bere sarrera merezi du, eta etorriko da. Gainera, gaztelarren aurkako erresistentzia nafarraren apologiak, maiz, gehiago du mitifikaziotik historiatik baino. Etorriko da hori ere.

Hori bai, gaia eta garaia planteatzerakoan beste historialari-kolektiboak erantzunean aldarrikatzen duen neutraltasun ideologikoa ere faltsua da. Historia ez da neutrala, ez objektiboa. Zintzoa bai, izan behar du. Beraz, zilegi da 1522 Fundazioaren aldeko jarrera eskatzea (haren webeko blogean, halere, historialarion babes-testurik ez, eta bai Loiolakoentzako eskaintzarena), eta ziur naiz ekarpen historikoak egin ditzakeela, dagoeneko egin dituen bezala; adibidez, liburu horrexekin edo Gazteluzarreko berreraikitze birtualarekin, edo gerren ondoriozko arazo medikoekin. Baina Fundazioa eta beraz haren historiarekiko jarrera ez da neutrala, ez da inondik ere neutrala. Besteak beste, erabateko ezadostasunetik Loiolako kuartelekoaren zilegitasuna ukatu gabe ere, gogorki ideologizatua dago: «anaitasun» horrek haizatu egiten du XVI.eko «gaztelarrak» = XXI.eko «espainolak» tesia, duela 500 urteko testuingurua eta gaur egungoa «continuum» bat baizik ez direlakoa, neutraltasun oro apurturik eta «etsaiari» bazka emanez. Tira, esan dut gaur ez naizela horretan sartuko. 

Fundazioaren lehendakaria antolamendu pribatuko jai baztertzaile baten “jeneral” ohia denean, eta argazkietan “betiko” aurpegi ezagun eta esanguratsuak agertzen direnean, eta haren artean historialariak oso-oso gutxi direnean, agerpen publikoetan bestela adieraziagatik ere, zilegi bekit pentsatzea Fundazioaren helbururik behinena ez dela historiaren ezagutzan sakontzea, duela 500 urteko gertakizunen harira. Berriro diot: emaitza interesgarriak plazaratuta ere, hori gehienez bigarren mailako ondorioa da. Nago ez ote den xede nagusietakoa bazterkeria legitimatzea XXI. mendeko Irunen, historiaren aitzakian. Ez bailitzateke gauza berria, bazterkeriaren aldeko diskurtso ofizialak hasiera-hasieratik izan baitu esku-makilatzat historia (eta tradizioa, gauza bera balira bezala). Horrexegatik, uzkur naiz.  

Zertarako da historia? Alegia, zertarako nahi dugu? Norberaren nortasun nazionala indartzeko edota genero-ikuspegi zehatz bat defendatzeko, adibidez. Nik, gaur egungo errealitateaz hausnartzeko nahi dut, duela 500 urteko gertakizunek gaur egungo jendarteari, elkarbizitzarako hesiak, mugak eta oztopoak jarri beharrean, kohesionatzeko balioak eman diezazkion, diezazkigun.

Erdietsiko ote dudan, hori beste kontu bat da, eta ederki dakit ez dela batere erraza. Baina gure amoña nafarrak esanen zizuekeen bezala, “saiatuaren faltan behinik behin ez da izanen”.

Dejar una respuesta