Aigua, més aigua

Holaxeko izenburua du El Pont d’Arcalís Pirinioetako musika-taldearen album batek, “pregària per fer ploure” delakoaren lelotik hartuta.
“Euria” da Donostiako San Telmo Museoak inauguratu berri duen erakusketa. Berez, Pariseko musée du quai Branly-tik ekarria da, eta ez dio heltzen meteorologiatik edo alderdi atmosferikotik. Asmoa da hainbat kulturatan (“là où dialoguent les cultures” da Branlykoaren leloa) erakustea nolako adierazpen erritual edota artistikoak garatu diren euria erakartzeko edo hartaz babesteko, edo sentimenduen zein egoera zenbaiten metafora gisa.
Atzo meteorologiaren nazioarteko eguna zenez, eta blog honetarako egokiago, gaur Erramu eguna denez (nahiz eta gaur egun nekez saihestuko ditugun ekaitzak sukaldean ereinotz bedeinkatua erreta, bitrozeramikaren garaiotan), bistan da zein den jorratu beharreko gaia.
Blog honetan bertan agertu izan da euria erakartzeko erritualik, 2012ko maiatzean sareratutako “Sequías económicas” sarreran, esaterako. Erakusketak bi gauza garbi uzten ditu: batetik, halakoak badaudela nonahi, Pirinioez askoz ere harago; bestetik, gurean orain errito kristauak diruditen arren, “magia sinpatikoarena” omen den baliabidea hedapen handikoa dela. Halaber, taldeentzako material didaktikoetan, erakusketan azaldutako sinesmenak, gaur egongo gaztetxoen mundutik at diruditenak, denboraz eta espazioz horren urrutikoak ez direla erakutsi nahian, euskal adibideak erabiltzen dira. Egia esan, Pirinioetan eta oro har Mendebal Europan adibideak aurkitzea ez da harrigarria, blog hau bera lekuko; alderantziz, hainbeste eta hainbesteren artean aukeratu behar. Baina nolabaiteko zirrara sortzen du erritu batzuen edo zenbait materialen erabileraren antza norainokoa den jakiteak, haien tartean milaka kilometro–geografiko eta, areago, kultural– egonagatik ere. Erreparatu, bestela, erakusketako zenbait argazkiri eta Fernando Iriartek eta Itziar Muñizek maisuki prestatutako instalakuntza artistiko-metaforikoari, eta alderatu El Pont d’Arcalísek albumerako hautatutakoei: hemen eta han, lurra egarri dago, eta urak ez bestek emanen dio bizitasuna.

 

 


 
La terra n’és amanta, la terra se mos seque…
Gràcies, Pont d’Arcalís. Eta eskerrik asko, Fernando eta Itziar.

 

 

Batzuetan euritetik babestu beharra ere badago. Pirinio atlantiarrean noiz edo noiz lehorteak pairatzen badira ere, soberako urak eman ohi du problema gehien. 1770eko maiatzean, abenduaz geroztik atertu ez eta kostaldetik Nafarroako Erriberaraino herri askok eta askok zeinek bere santu, Kristo edo Amabirjina prozesioan atera zuten. Irunen ere, bederatziurrenaren burutzeko prozesioaren ondoren, bertako Amari erregutzeko, eliza mukuru zegoen, Donibane Lohitzune eta Pasaia arteko jendeak hurbildu baitziren. Bai eta hobera egin ere. Uztak salbatuko ahal ziren!

 

Irungo eliza. Kanpandorreek berebiziko lana egiten zuten ekaitzak uxatzeko tenorean.

 

Dena den, maiatzetik aurrera (“ttikia banaiz, haundia banaiz, maiatzean burutuko naiz” esaten omen du gariak) uzta bildu arte, eurite luzeek baino gehiago, bat-bateko erauntsiek ematen zuten beldurrik handiena: zerbaitengatik esaten du ene amaginarrebak, Errioxakoa baita: “me da más miedo que un nublau”. Donostia erre eta berreraiki zela aurten berrehun urteak betetzen direla eta, hainbat datu historiko plazaratu dira hartarako propio sareratu webean. Besteak beste, orduko udal langileen zerrenda, “conjurador” eta guzti. Asko hitz egiten da erlijioaren eta bereziki Elizaren eraginaz gizarte tradizionaletan. Baina gutxitan aipatzen da apaizek betebehar espiritualez gain izaten zituzten zeregin praktikoez… Bai, praktikoez: gure ikusmolde modernotik praktikotasun hura eztabaidatzea gure kontua da, ez haiena.
Begira (eta entzun, aukera izanez gero) zer kantatzen duen “La Ronda de Boltañak” Sobrarbeko apaiz baten bizibideaz, eta zuek epaitu:
Cuando era cura de Espierba,
tuvo que ir a esconjurar
una tormenta muy negra
con la cruz procesional.
Como el agua no paraba
al monaguillo gritó
“Ridiós, saca o Cristo gordo,
que este es chicorrón!”
Sin embargo en Saravillo
ya dominaba el oficio,
y esconjuraba tormentas
cualquiera que fuese el Cristo.
Las nubes llenas de piedra
no dejaban descargar,
pa’ que jodiendo al vecino
lo hicieran en Plan
Bruno, Bruno, Bruno Fierro,
aunque muy santo no fue…

 

 

 

Bat-bateko ekaitza Sobrarben, 2012ko maiatzean,
Grauseko Pirinioei buruzko jardunaldietatik bueltan.

 

 

 

Zeren eta, goian aipatutako sarreran bukatzen nuen bezala: zertarako balio du santu batek, bere eginbeharrak betetzen ez baditu?

 

Dejar una respuesta