Euskaldun fededun?

Irakurria duzue Pio Barojaren “La leyenda de Jaun de Alzate”? Jakizue, irakurri edo gogoratzen ez baduzue, protagonista kristau egin zela, Olazabal eta Zarratea etxeetako andre zaharren eskandalurako: “Zu kristau eginen zinateke? Ni? Sekula ez. Lehenago hil!” Bizitzaren azkena iritsita, protagonistak kristau modura ez hiltzea erabaki zuen, Olazabal eta Zarratea etxeetako andre gazteen eskandalurako: Altzaten beti kristau zintzoak izan gara eta!”.  Eta honela laburbiltzen du Barojak: euskaldunak hain gara tradizionalak ezen batzuetan jakiten baitugu gurasoek zer egin duten, baina inoiz ez zer egin zuten gure aitona-amonek.

Berako hilarriak, iragan kristau eta hein batean pagano baten lekuko.

Batek pentsa lezake ehun urte lehenago iragarri zuela gure Piok Irunen, txapel handi izan txapel txiki izan, zer gertatuko zen Alardearekin, “betiko” hitza argudio gisa erabiltzea aspaldiko iruzurra izanik. Nihaurek erabili dut Altzateko jaunaren adibide literarioa neure herrikide askok tradizioaz duten pertzepzio historikoki faltsua agerian uztearren.

Tamalez, pentsamolde hori ez da Bidasoaldeko tradizionalistenera mugatzen. Ez, askoz sakonagoa da, eta horregatik zilegi da pentsatzea Irun eta Hondarribiko jende askoren erreakzio ideologikoki ere bortitza ez dela salbuespena, hainbat faktoreren batuketaz sortutako emaitza muturrekoa baizik. Areago: XXI.ean, ustez aurrerakoitasunetik baina lehengo pentsamolde horren ondorioz, nago ez ote den euskal neopaganismo moduko bat zabaltzen ari, Olazabal eta Zarratea etxeetako seme-alabek, amatxi zahar haiei omen egiten dietelakoan, gure iragan hurbila ukatu nahian. Erlijio kristaua, edo oro har erlijioa, ez zaigula gustatzen gaur egun? Hori beste kontu bat da. Hurrengo sarrera batean jorratuko dut gaia. Barojak euskaldunoi buruz botatako epai zorrotza orokor samarra dela sinesten dudan arren, nik behinik behin badakit bereizten zer naizen ni eta zer ziren nire aurrekoak. Gure amoña zenak honelaxe definitzen zuen bere burua: “Almandozen bataiatua, Oieregin komunio egina, Oronozen esposatua, eta gero han enterratua”, esaten zuen kanposantuari begira. Izan ere, panteoia eskuratu arte ez zuen etsi. Fedeak ematen zion nortasunaren aldean, euskaldun huts izatea oso bigarren mailakoa zitzaion. Gure ama zenarentzat ere balio zuen. Gure aitaren nortasuna, aldiz, ez zetzan Elizan, ez eta euskaran ere.

Honetan bataiatu omen ninduten. Ez dut gogoratzen, oso txikia nintzelako, eta berdin zait. Hil ondoren familiaren panteoian sartuko nauten ez nauten, niri bost,

Ez dago “betidaniko” deus, ez eta “betiko” izanen den deus ere. Geure iraganak baino gehiago, hartaz dugun pertzepzioak baldintzatzen gaitu, eta era berean gure nortasunak baldintzatzen du iraganaz dugun pertzepzioa.

Utzi iruzkina