Kalegoi

Kalegoi, kultura ondare

1 Hasiera_mXabier Kerexetak bere lanbidea azaltzeko berreskuratu du Irungo Kalegoi toponimo zaharra, hain zuzen bulegoa bertan duelako, gaur egun Karrika Nagusia deitzen deneko iturriaren atzeko plazatxoan. Behiala Paris eta Madril lotzen zituen errepidea gaur egun iragana eta oraina batzen dituen oinezkoen kale txikia da gurea, kultura-ondarez blai dagoen emaria.

Eta holaxe dihardut hemendik, Pirinioak hasten -edo bukatzen- diren Bidasoko bazter honetatik euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta hein batean katalanez ere mugaz gaindi, hizkuntzak ez ezik gehienbat historia, antropologia eta beste gizarte zientzietako edukiak zorroztasun akademikotik herritar ororentzako hizkeran eman nahian, museo, erakusketa eta bestelako ondare-guneen balioa agerrarazten dudala.
mantusa 2color
Azken finean, asmoa dut maiz xumea dirudielako erreparatzen ez zaion ondarea hurbiltzea herritarrenganaino (eskolaume zein heldu, euskaldun nahiz erdaldun), uler dezaten eta beraz prezia dezaten. Horra, adibidez, logoa bera, mantusa bat, gure haurtzaroan eta gure giroan guztiz arrunta zen belarra biltzeko baliabide ezin soilago eta era berean guztiz merke eta praktikoa, gaur egun ia desagertua denez hitza bera ere galzorian duena, kultura-ondaretzat inork gutxik jo arren bizimodu oso baten adierazpide izan daitekeena. Zeren eta ondarearen kontzeptua harengan jartzen dugun pertzepzioan baitago: hartaz hausnarketa egin ahala bilakatzen dugu ondare. Izan ere, ez dago ondare materiala ulertzerik hari darion ondare immateriala aintzat hartu gabe.

Berdintasunaren aldeko agentea naiz, hezkuntzan espezializatua, (UPV/EHUko masterra, 2010ean bikaintasun aipamenarekin). Praktika modura, Baiona – Donostia eurohiriko hiru museo hirueledunen edukiak (testuzkoak eta irudizkoak) aztertu nituen. Izan ere funtsezko deritzot prestakuntza akademikoari, oro har, eta bereziki genero pertzepzioa ere egoki gehitzeko ondarearen gaineko begiradari, hala gogoeta-bide osoagoa ahalbidetuko dudalakoan: zeinek, noiz eta zergatik eramaten zuen, bada, mantusa sorotik etxapera? Ondarea ez baita deus, egiten zuten/duten gizon-emakumeak aintzat hartu gabe.