Zer eskatzen du herriak?

Título de honor, horrelakotzat jotzen zuen Alardean parte hartzea 1982an argitaratutako Irungo Udal Ordenantzak, erdara hutsean. Euskarazko bertsio bat ere egin zuten, baina ez oso egokia. Adibidez, cabildo eclesiástico elizgizonak itzultzea… denak ziren gizon, baina elizgizon guztiak ez ziren kabildokoak. Okerrago zen, ordea, Udalbatza –cabildo secular– herrigizon itzultzea, emakumezko zinegotziak zeuden garaian. Dena den, 1996an argi eta garbi geratu zen herrigizon eta gizonezko zinegotzi ere ez zirela inondik inora gauza bera, “Herriaren Alardeak” erakutsi bezala. Tira, “Herriko” zioten euskaraz “del Pueblo”, norbaitek itzulpenaren okerraz ohartarazi arte. Baina blog honek ez dihardu hizkuntzaz, pentsamolde tradizionalak mitifikatutako kontzeptuez baizik.

Duela hogeita bost bat urte Orexa herri txiki xarmantean hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduten. Gaia: agotak. Luze-zabal aritu ondoren, inpresioa nuen, beste askotan bezala, ez nuela asmatu ulertarazten zertan zetzan bazterkeria, batik bat ustez axaleko kontuetan. Halako batean, beren kafea, kopa, purua eta guzti bertakotutako bi gizon edadeko baserritarretako batek hauxe bota zuen: herrian behiala maizterrek ez omen zuten txerria hiltzen; urte batean maizter batek bere txerria hil eta jabeek esan zuten, eskandalizaturik, hara! maizterrak ere hasten badira txerria hiltzen, akabo diferentziak! Alegia, txerria hiltzea, baliabide ekonomikoa bezainbeste, estatusa adierazteko modua ere bazen. Agian halako ekiparazio sozioekonomikoaren beldur hasi ziren oronoztar bezinoak folklorean jornalero eta maizterrengandik ere bereizten.

Agotak eta ijitoak ez ziren Herria, baina herritarren artean ere baziren mailak. Eta emakumeak, zer dira? Jaizkibel konpainiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan aldarrikatu du “herritar oso” estatusa. Donostiako Danborradaren ikerketan arazo bat azalerazi zitzaigun: talde gehienetan banderariaren papera jende askok ez zuen bete nahi, gizonezkoek hain gutxi, kantinerarenaren antzekoegia izaki, Donostian kantineraren egitekoa prestigio gutxikoa da eta… eta femeninoa.

Loiolako banderari eta kantinerak 2013ko ziklogenesi esplosiboaren beldur barik.

Bidasoaldeko Alardeetan, emakumeen berdintasunezko partaidetzak ordena sozial oso bat inarrosi du. Kantineraren pertzepzioa, hamarkada askoren buruan gorenean zegoena, kolokan jarri zen: beste emakumeak baldin badaude, berezia izanagatik, ez da horren bereiz; areago, paper ia arrunta da hori jokatzen duen berberak aurreko urteetan edota ondorengoetan bestelako rolak egin baditzake. Halaber, gizonezkoek esklusibotasuna baizik galtzen ez zuten arren, esklusibotasuna ez da azaren azpiko orria, gero! 1982ko ordenantzaz geroztik, parte hartze hutsa eskubide ez baina ohore zen, Alarde barnean betetzen zen rola zeinahi zela ere. Trantsizioko pertzepzio berria islatzen zuen, non espainiarren eta frantsesen arteko borroka atzendu eta euskaldun (gizonezko) herritarren miliziak ospatzen omen ziren. Eta bide batez, mantxurrianoz betetako herri eta Alarde batean, euskal milizia historiko haien ondorengoek iradokitzen zuten, beren soldadu soilean, ospakizunaren “benetako” protagonistak jatorrizko herritarrak zirela: Herria zentzu etnizistan eta Herria zentzu klasistan.

Agaramuntarrak duke izatera iritsi ziren. Ez ziren Espainiako handi Frantziako erregeren basailu leial eta ongi ordainduak baizik, besteak beste Baionako gobernadore karguz. 1640an, Baionako Euskal Museoko honek galarazi zien Biarnoko agotei nobleen adierazgarriak (armak, kapa, ezproinak, usategiak, ehiza-zakurrak) edukitzea. Ricauk dioenez, rien plus irritant pour un privilégié qu’une atteinte à son privilège, rien ne se defend jamais avec plus de fanatisme.

1500ean Gaztelako erresuman bazeuden hogei “grandes de España”. Dukeen ohore hutsezko titulua zen, besteak beste “primos del rey” (odolezko lehengusu izan gabe ere) tratamenduarekin batera erregeren parean burua estalita egotea zekarrena. 1600ean, austriar dinastiaren diru-gose etengabea eta noble gehienen hantuste-irrika bateratuz, sosen truk betiere, ehun ziren “grande de España” tituludunak. XVII. mendean, beraz, lehendabiziko hogeiek eskatu zuten “grande de España de primera clase” izenda zitzaten.

Nork esanen zien maila goreneko aristokrata haiei hiru mende geroago erresumako azken bazterrean ohore gehiena jadanik ez zetzala Ancien Régimeko gipuzkoar eta bizkaitarren kapare estatusa galdegitean, herritar huts izatean baizik. Hori bai, herritarrak, “de primera”.

Utzi erantzun bat